Fantasia gotko bat da Horman erlojua duen etxea filma, ez animaziozkoa -antzezle entzutetsuak ditu, Cate Blanchett besteak beste- eta ume koxkortuentzako da, 7 urtetik aurrerakoentzako. John Bellairsek idatzi eta Edward Goreyk ilustratutako izen bereko eleberriaren egokitzapena da filma, Eli Rothek zuzendu du eta Steven Spielbergek ekoitzia.
Istorioak hamar urteko haur baten kontakizun magiko eta beldurgarria azaltzen du. Umezurtz geratu ostean, osabaren etxe zahar eta karrankarira joango da bizitzera. Osabaren etxean erloju misteriotsu bat topatuko du, eta handik gutxira, ordura arte aspergarria eta lasaia izan den herri berriko bizitza asaldatu egingo da mutikoak, nahi gabe, mundu sekretuko azti eta sorginak esnatzen dituenean.
Mendaron larunbatean emango dute Horman erlojua duen etxea, 21:00etan. Mendaroko Udalak antolatzen du Zinea Frontoian egitasmoa.