Koldo Lizarralde Elberdin etnografo eta historialaria hil da

Barren.eus 2019ko ira. 23a, 18:10

Koldo Lizarralde hil da, Elgoibarko gai historikoen eta etnografikoen liburu eta artikulu ugariren egilea, eta herrigintzan lan handia egindako gizona. Herriko hainbat elkartetan militatu du, eta BARRENen ere kolaboratzaile fina izan dugu urtetan.



Pasai San Pedron jaio zen Lizarralde, 1950. urtean, eta lan-kontuek ekarri zuten Elgoibarrera, 1981ean. Historialaria eta Etniker-Gipuzkoari lotutako etnografoa izan da, eta 1988tik Baskoniako Atlas Etnografikorako landa lana egin du Elgoibarren. 1989tik Eusko Ikaskuntzako kidea izan da, eta 1998an, Erroten Kontserbazio eta Ikerketa Elkarteko (ACEM) kide izendatu zuten. Elgoibarko gai historikoen eta etnografikoen gaineko artikulu ugari idatzi ditu, besteak beste, Baskoniako Atlas Etnografikoan, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Buletinean eta Eusko Ikaskuntzako Sailetako koadernoetan.

Bakarka hainbat liburu idatzi ditu Elgoibarko Udalaren laguntzarekin: El convento de San Francisco de Elgoibar (1990); Apuntes Etnográficos I (1994); El Hospital de San Lázaro y la ermita de la Magdalena (1995); Elgoibar, Los trabajos y los siglos (1995); Fiestas populares en Elgoibar (1996); Apuntes etnográficos II, ritos de pasaje (1997); Elgoibar y sus molinos (2001); El viejo frontón de Kalegoien 1751-2003. Apuntes de la historia de la pelota en Elgoibar (2003); Uraren indarra (2006). Era berean, Antxon Agirrerekin batera hianbat ikerketa lanetan aritu da, 1993ko Jose Miguel de Barandiaran Bekaren emaitza moduan, bien artean egindako Las ermitas de Guipuzcoa (2000) obra eta Antxon Agirreren Tratado de Molinología lanean egindako kolaborazioak nabarmenduz.
Bere ikerketen emaitzari esker, errotei buruzko hainbat jardunaldi eta kongresutan esku hartu du Espainian, eta Beasainen 2.000. urtean antolatutako Errotak eta energia berriztagarriak jardunaldien antolakuntza batzordeko kide izan zen. Horrez gain, Carmelo Urdangarin eta Jose Mari Izagarekin batera, 10 liburuki dituen lanbide tradizionalen gaineko ikerketan hartu du parte.
Bere azkeneko liburua C.D. Elgoibarren mendeurrenari buruzkoa izan zen: Club Deportivo Elgoibar 1917-2017. Iazko abenduan aurkeztu zuten.

Koldo Lizarralderen aldeko hileta meza eguaztenean, hilren 25ean, izango da, 19:00etan hasita, San bartolome elizan.