Elgoibar eta Mendaro, musikak batuta

Barren.eus 2019ko ira. 20a, 09:52

Musika zaleen egutegian asteburu berezia da iraileko hirugarren hau. Sotoko Hotsak eta Mendaroko Gararock jaialdiek bat egingo dute aurten ere, eta bi eskaintzek bat eginda, hiru eguneko musika eskaintza izango dugu gurean.

Sotoko Hotsak jaialdiaren barruan, Moxal taldea ekarri zuten atzo Sinuöse kultur elkarteko lagunek Elgoibarrera, eta Crudo Pimento talde murtziarra gonbidatu dute gaurko (Kultur Etxeko Sotoan, 23:00etan). 

Bihar, berriz, Mendaroko Garagartza auzoko plaza hartuko dute, La Basuk, Joseba Irazoki eta lagunek, Kokeinek eta ibilbide eta sona handiko beste hainbat taldek. Musika bizi duen lagun talde bat ari da bien antolakuntza-lanetan, eskarmentu handiko jendea, eta jakina, musika eskaintza bera ez ezik, jaialdi on batek eskatzen dituen gainerako osagaiak ere zaindu dituzte, mimo handiz. Mendaron, esate baterako, hiru food truck izango dira bihar, Garagartzara batzen direnek dena eskura izan dezaten.