Ane Beitia: "herri-herriko kulturgunea eraiki dugu”

Barren.eus 2019ko ira. 20a, 15:46

Martitzenean zabaldu zuten Aita Agirre kulturgunea, 2017ko ekainean eraikina zaharberritzeko hasi zituzten lanak amaitu eta gero. Kanpoko aldetik eraikinak lehengoaren itxura antzerakoa duen arren, barrutik erabat berrituta dago, eta ez dauka lehengoarekin zerikusik. Iosu Arraiz hirigintza zinegotziaren, Andrea Arriola kultura zinegotziaren eta Ane Beitia alkatearen eskutik ezagutu dugu eraikina barrutik, eta izango dituen erabilpenen berri eman digute honako bideoan.

 Eraikin berri eta modernoa da Aita Agirre, eta bera izango da aurrerantzean Elgoibarko “kulturaren elkargunea”. Aita Agirre eraikina 1925. urtean eraiki zuten, eta hasiera batean Elgoibarko Arte eta Ofizioen eskola izan zen. 1980an utzi zion eskola izateari, eta gerora, herriko hainbat elkarteren egoitza izan da. Besteak beste, AEK euskaltegia, Gurutze Gorria, Egur arte eskola edota Lagun Taldearen aterpe izan da. Eraikina, baina, zaharkituta zegoen, eta Udalak beste erabilera bat ematea erabaki zuen. 2017an hustu zuten erabat eraikina, eta kulturgune berria eraikitzeko obrak hasi zituzten. Lanak uste baino luzeago joan dira, bidean hainbat zailtasun izan direlako, eta oraindik zerbitzu guztiak martxan ez badaude ere, kulturgunea irekita dago.

Irailaren 17an zabaldu zuten Aita Agirre kulturgunea. 9:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, eta edozein herritarrek izango du hara sartzeko aukera. Dena dela, ordutegi horretatik aparte ere langileek izango dute beraien lanpostuetara sartzeko aukera, eta herritarrak ere ikasketa gelara sartu ahal izango dira, horretarako baimena ematen duen kode bat aurrez eskuratuta.

 • Ane Beitia: "Kultura plazara ekarri du"

Udaleko hainbat zerbitzu zentralizatu dituzte Aita Agirre kulturgunean, eta Josu Arraiz Hirigintza zinegotziak dio zentralizatze horrek nolabaiteko “batasuna” emango diola herriko kulturgintzari. Elkarlana bultzatuko du eta Elgoibarko kultur eskaintza aberasteko aukera emango du.
Kultura plazara ekarri dutela adierazi du, bestalde, Ane Beitia alkateak, erdigunera: “Historikoki erabilera desberdinak izan dituen plaza hontara ekarri ditugu euskara eta kultura, eta Musika Eskolarekin eta gaur egungo Kultur Etxearekin batera, herri-herriko kulturgunea eraiki dugu”. Kokapena “estrategikoa” du kulturgune berriak, eta herritarrentzako erakargarria izatea espero dute.

2019 09 20 josu arraiz hirigintza elgoibar aita agirre

 • Aurrekontua eta atzerapena
Luze joan dira obrak, hasieran aurreikusi zutena baino luzeago. Batetik, epeak luzatu behar izan zituztela azaldu du Arraizek, tabernako instalazioak egokitu egin behar izan zituztelako, eta horrekin batera, espero ez zituzten oztopoak ere agertu zaizkie bidean. Obrak 2017ko udan hasi zituzten, eta hasiera batean 2019ko urte hasierarako dena prest egongo zela aurreikusi bazuten ere, iraila iritsi da ateak zabaltzerako. Osoko Bilkurak onartu zuen enpresa eraikitzaileari isuna jartzea bi hilabeteko atzerapenengatik, eta udalbatzaren hurrengo batzarrean onesten badute, 35.000 euroko isuna jarriko diote. Udalak 2,8 milioi euro + BEZ erabili ditu kulturgunea eraikitzeko. Aita Agirre eraikina monumentu historikoen katalogazioan sartuta dago, eta izendapen horren eraginez, eraikinaren estruktura mantentzea derrigorrezkoa zen. Hasiera batean eraikina bera atzerantz zabaldu eta altxatzea aurreikusi bazuten ere, barrukaldea bakarrik berritzeko aukera izan dute azkenean.
Eraikin modernoa eta inteligentea da, domotikoa eta dena teknologia bidez kontrolatuta dago. 1.911,16 metro koadroko azalera du, eta hiru solairutan banatuta dago: Beheko solairuak 596,17 metro koadro izango ditu; lehen solairuak 311,90 metro koadro; bigarren solairuak, 487,32, eta hirugarrenak, teilatupekoak, 400,52.

 • BEHEKO SOLAIRUA
Eraikinak bost sarrera ditu aurreko aldera, eta horietatik, hegalenera dauden biak, independenteak izango dira. Ezkerreko sarreratik Udal Musika Bandaren eta Mauxitxa txarangaren lokalera sartu ahal izango da, eta eskuineko sarreratik, berriz, tabernara. Erdiko hiru ateak, berriz, eraikin nagusira sartzeko balio dute. Beheko solairu honetan hiru gune bereizten dira: Udal Musika Bandaren eta Mauxitxa txarangaren entseguetarako aretoa, harmailak eta funtzio anitzeko gela, eta taberna. Harmailak itxaron-gune moduko bat izan daitezke, edo herritarrentzako aisialdirako gune ere bai. Formatu txikiko ikuskizunetan eserleku moduan erabiltzeko ere aproposak dira, eta horrez gain, lehenengo solairurako eskailera funtzioa ere betetzen dute. Funtzio anitzeko gela batera ematen dute harmailek, eta gela horrek bi itxitura ditu, beharren arabera gelaren tamaina mugatzeko erabiliko direnak. Gela honek sarrera independenteak ditu, eta beharren arabera ate bat edo bestea erabili ahal izango dira. Horri esker, herritarren atzera-aurrerak sahiestuko direla uste du Arraizek, eta goiko solairuetan lanean ari direnei trabarik egin gabe antolatu ahal izango direla ekitaldiak. Beheko solairuko eskumako aldean taberna dago. Oraindik ez dago martxan, baina Hirigintza zinegotziak aurreratu duenez, urrian irekitzeko moduan egongo dira: “Ez da taberna arrunt bat izango. Kulturgunearen barruan kokatuta dago, eta kultura sustatzea izango du helburu”. 500 euroko errenta ordaindu beharko du hilean tabernariak, eta diru-irabazien parte bat kultur ekintzak antolatzeko erabili beharko du. Urtean gutxienez hamar kultur ikuskizun eta beste hamar kontzertu antolatu beharko ditu. Beheko solairu horretan biltegia, zamalanetarako gune bat, komunak eta dutxak ere badaude.

 • LEHENENGO SOLAIRUA
Lehenengo solairuko ezkerreko aldean hitzaldi gela dago. 90 bat aulki jartzeko espazioa dauka, eta Kultur Etxeko hitzaldi gelaren osagarria izango da aurrerantzean. Herriko eragileek bi guneak erabiltzeko aukera izango dute. Lehenengo solairu horretan kokatu dituzte baita ere Udaleko Euskara, Kultura, Berdintasuna eta Gazteria sailak. Komunak eta bilera gela bat ere badaude solairu honetan.

 • BIGARREN SOLAIRUA

Bigarren solairua Gotzon Garate Udal Liburutegiak hartzen du ia oso osoan. Solairuraren eskumako aldean 25 metro koadro dituen KZgunea kokatu dute, baina solairuaren gainerako azalera guztia liburutegiarentzako gorde dute. 600 bat metro koadro ditu, eta gune desberdinetan bereiztu dute. Tamaina aldetik, liburutegi zaharra baino apur bat txikiagoa da oraingoa, baina erabilera aldetik askoz praktikoagoa dela azaldu du Andrea Arriola Kultura zinegotziak. Umeentzako gune bat dauka, gune nagusi bat gainerako erabiltzaileentzako, eta bi ikasketa gela. Ikasketa gela horietako batek funtzio desberdinak izango ditu, eta beharren arabera gela bere osotasunean edo hiru zatitan erabili ahal izango da. Arriolak uste du gela horrek liburutegiko jarduerak antolatzea erraztuko duela, eta aproposa izango dela baita ere ikasleek taldeko lanak egiteko. Era berean, sarrera propioa duen ikasketa gela bat ere atondu dute liburutegian. Gela hau liburutegia itxita dagoenean ere erabili ahal izango da. Oraindik ez dute zehaztu gela honen ordutegia, baina aurreratu dute “ordutegi zabala” izango duela. Gela hori erabili ahal izateko baimena eskatu beharko da aurrez. Liburutegiak irakurketarako guneak ditu, eta mahai guztiak argindarrez eta Interneterako sarbidez hornituta daude, gailu informatikoak erabili ahal izateko. Funtzionalitate aldetik praktikoagoa dela uste dute arduradunek.
 • HIRUGARREN SOLAIRUA
Hirugarren solairua teilatupean geratzen da. Azken solairu hau euskararentzat gorde dute, eta bertan kokatu dituzte Debabe Udal Euskaltegia eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea. Azalera handiena Udal Euskaltegiak hartzen du. Lau gela, irakasleen gela eta administrazio bulegoa ditu. Solairuaren beste hegalean dagoen bulegoa Elgoibarko Izarrarentzako gorde dute.
 • KANPOALDEA
Aita Agirre kulturgunera hurbildu ahala, arkupeko sabaian dagoen ispiluak jasotzen ditu herritarren begiradak. Arraizek azaldu du ispilu horrek ukitu modernoa emateaz gain, argitasuna emango diola arkupe horri, eta modu horretan, ilun dagoenean ere jendeak espazio hori erabili ahal izango duela. Eraikinarekin batera, Aita Agirre parkeak berak ere itxura berritua dauka. Hasteko, zuhaitzak aldatu dituzte, lehengo platanondoetako batzuk ustelduta zeudelako, eta batek baino gehiagok barruan zementoa ere bazutelako, “aurreko obraren batetik edo”. Horrez gain, parkeko zona batean zuhaitz berriak jarri behar zituzten eta iruditu zitzaien zuhaitz guztiak espezie berekoak izatea egokiagoa zela. Judas arbolak dira oraingoak. Tamaina, ematen duten itzala eta eskatzen duten mantentze lana izan dira zuhaitzak aukeratzeko orduan kontuan hartu dituzten irizpideak. Zuhaitzekin batera, haur-parke berria eraiki dute, eta lehengoak baino espazio handiagoa hartzen duenez, aparkaleku batzuk kendu egin behar izan dituzte. Lehentasuna eman nahi izan diete oinezkoei, baina aldi berean kontuan izan dituzte merkatariak eta baita erdigunean bizi direnen aparkatzeko beharrak ere. Hortaz, lehengo aparkaleku gehienak mantendu dituzte, 30 bat. Lehen bezala, OTA-TAO sistema bidez arautuko dute aparkatzeko denbora, herrigunean mugimendua egon dadin. Plazaren erabilerari dagokionean, berriz, obrak erabat amaitzen dituztenean lehengo ekintza guztiak bertan egingo dituzte berriro: Besteak beste, azken zapatuko ganadu feria, ostegunetako azoka eta jaietako hainbat ekintza. Horrez gain, plaza kultur ekintzetarako erabiltzeko aukera ere egongo da aurrerantzean.

∞Lotura duten albisteak: