Arte plastikoen eta ikusizko arteen eremuan Euskadin egiten den lana goratzea da Gure Artea Sarien helburua. Hiru artista saritu dituzte aurten, nork bere eremuan egindako lanagatik. Joan den ekainaren 17an jakinarazi zituzten aurtengo irabazleen izenak, eta atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sari banaketa ekitaldian parte hartu zuen, eta nabarmendu zuen Euskal Herriak "herrialde sortzailea" izan behar duela "munduan berezko argia" izaten jarraitzeko.
Xabier Aakistain 'Arakis'-ek arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria jaso du. Sahatsa Jauregi Azkarate (sorkuntza eremuko saria) eta Miren Arenzana Letamendi (ibilbide artistikoaren saria) izan dira aurtengo beste bi sarituak.
Xabier Arakistainek artearen munduan "bokazio politikoagatik" diharduela esan zuen saria jaso ostean eman zuen berbaldian.
Erakusketa-komisario gisara izan duen ibilbidea azpimarratu nahi izan du epaimahaiak, non “emakumezko eta gizonezko artistak berdintasunez tratatu eta arte ofizialaren historiografiaren kanonak berraztertu baitituen”.Epaimahaiak ondoko erakusketak aipatu ditu, besteren artean:‘Transexual Express’ Bilbaoarte (Bilbo, 1999); ‘Transexual Express’, Rosa Martínezekin batera (Bartzelona, 2001); ‘Kiss Kiss Bang Bang’ Arte Ederren Museoa (Bilbo, 2007); ‘Guerrilla Girls’ (2013); ‘Why Not Judy Chicago?’ (2015); edota ‘Margaret Harrison. Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak’ (2017), Azkuna Zentroan (Bilbo).
Epaimahaiak, bestalde, 2001 eta 2003 bitartean Arakistain Bilbaoarteko erakusketa-programaren arduraduna izan zela eta 2006tik 2011ra arte Vitoria-Gasteizko Montehermoso Kulturuneko zuzendaria izan zela adierazi du: “Montehermoson, kudeaketa-eredu feminista zuen arte eta pentsamendu garaikideko kultur-gune berritzaile bat sustatu zuen, emakumeen paritatea bermatuz programa guztietan”.
Azkenik, Xabier Arakistainek hitzaldi ugari eman dituela azpimarratu du epaimahaiak, honakoak bezalako kultura-aretoetan: Londresko Tate Modern, Royal College of Art eta UCL, Parisko EHESS, Vienako MAK, Berlingo 8. Bienala, New Yorkeko Brooklyn Museum eta New Museum, Boston College, Mexiko Hiriko MUAC, Costa Ricako Unibertsitatea, Txileko Santiagoko Arte Ederren Museoa edo Madrilgo MNCARS, besteren artean. Informazio osoagoa: irekia.euskadi.eus
∞Lotura duten albisteak
- Gure Artea sarietako bat Xabier Arakistain artistarentzat (2019-06-17)
-
Arakis: "Aisia burua hustera zuzenduta dago; pentsatu gabe erlaxatzera" (2009-05-06)
- Xabier Arakistain: “Artearen iraultzaren eragile garrantzitsuenetako bat arte feminista izan da” (2007-11-28)
- Xabier Arakistain ‘Arakis’ elgoibartarra da Montehermoso kulturuneko zuzendari berria (2007-02-02)