Kinto-ospakizunen bigarren eguna antolatzeko bilera egingo dute irailaren 13an

Barren.eus 2019ko ira. 9a, 11:29

Kinto-ospakizunen bigarren jaialdia antolatu dute urriaren 26rako, estreinakoak izan zuen arrakasta ikusita. Aurtengoari "ukitu berezia" eman nahi diote antolatzaileek eta kinto guztiek parte hartzeko moduko ekintzaren bat antolatzeko bilera deialdia egin dute datorren barikurako.

 "Denon artean zerbait antolatzea ondo egongo litzatekeela pentsatu dugu eta ideiak partekatzeko bilera bat antolatu dugu irailaren 13rako. Brainstorming erako bilera bat izango da, eta sortzen diren ideiak eztabaidatu ostean, onena iruditzen zaigun ekintza, edo ekintzak, aukeratu eta aurrera ateratzea nahi genuke", azaldu dute sustatzaileek. Kinto talde bakoitzak bere arduraduna izan zuen iaz eta aurten ere hala izango da, baina denen artean egiteko moduko ekintzaren bat asmatu nahi dute.
Bilera barixakuan, hilaren 13an, izango da Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi gelan, 19:00etan. Bilerara kinto bakoitzeko ordezkari bat joanda nahikoa dela gaineratu dute.
Iaz, urriaren 27an egin zuten kinto-ospakizunen estreinako jaialdia eta mila lagun inguru batu zituen ekimenak. Urte desberdinetako kintoek, -23 taldek-, hartu zuten parte.

∞Lotura duten albisteak: