Elgoibarko kanporaketa irailaren 29an (domeka) izango da, Herriko Antzokian. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketakoko saio guztiak 17:00etan hasiko dira. Irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean, eta saioen egunetan ere eskuratu ahal izango dira, aretoetan bertan. Bertsozale Elkarteko bazkideek sarreretan prezio berezia izango dute eta bonua eskuratzeko aukera ere izango dute, saio guztietarako balioa dutena, finalerako izan ezik.
Txapelketan parte hartuko duten 48 bertsolarien artean ez dago elgoibartarrik edo mendaroarrik. Hamasei saio izango ditu hiru hilabete iraungo dituen txapelketak. Finala abenduaren 14an jokatuko da Donostiako Illunben. Bertan, sailkatzea lortzen duten zortzi bertsolariek hartuko dute parte.
• Aurkezpena Asteasun
Asteasun aurkeztu zuten txapelketa, joan den uztailaren 16an. Saroi Jauregi, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak, Pili Legarra, Asteasuko alkateak eta Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak -Mendaroko udaleko zinegotzia ere bada- eman zuten txapelketaren inguruko informazioa.
2019an, 100 urte betetzen dira Pello Errota bertsolari asteasuarra hil zela. Hori dela-eta, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak keinu txiki bat egin nahi izan zien Pello Errota eta Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrei eta txapelketako sintonia eta irudia sortzeko abiapuntu gisa hartu du urteurrena.
• Jarraipena
www.bertsozale.eus webguneak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren informazio osoa eta eguneratua emango du. Horrez gain, www.bertsoa.eus atariak txapelketaren jarraipen berezia egingo du.