Iñaki Agirre omendu zuten zapatuko aire libreko zine emanaldian

Barren.eus 2019ko uzt. 17a, 17:55

Iñaki Agirre zenari omenaldia egin zioten Ongarri zine klubak eta Elgoibarko Udalak, joan den larunbatean, aire libreko zine emanaldietan, ekimen honen sortzaileetako bat izan baitzen joan den otsailean hil zen Iñaki Agirre. Omenaldi ekitaldiko laburpen bideoa bidali digute Ongarrikoek.

Ongarri zineklubeko arima eta motorra izan zen Iñaki Agirre omentzeko baliatu zuten joan den zapatuko aire libreko zine emanaldia. Margolaria filma eman zuten Maalan.

Jon Gurrutxagaren musikarekin hasi zen omenaldi ekitaldia. Elgoibarko Udaleko Kultura saileko arduradunek Iñaki Agirreren familiakoei oroigarriak eman zizkieten gero, eta Iñaki gogoan izateagatik eskerrak eman zizkieten familiakoek Udalari, Ongarriri erta Maalan batu ziren herritar guztiei.

 • Bideoa elgoibartarren testigantzekin

Otsailaren 12an hil zen Iñaki Agirre, 62 urte zituela. Ongarri Zine Klubaren sortzaileetako bat izan zen, eta Elgoibarren Aire Libreko zinema sortu zuten laukotean ere ageri da bere izena, Andres Odriozola eta Arrate eta Iñaki San Martin neba-arrebekin batera. Zinemak bizi zuen, eta pasio horri emana bizi izan zen azkenera arte. Hain zuzen, Ongarri zine klubeko kideek Agirrek zinearekiko zuen maitasun hori zine formatoan jaso dute, nola bestela. Iñaki ezagutu zuten hainbat herritarren testigantzekin osatutako bideoa eman zuten omenaldian, Agirrek gogokoak zituen filmetako irudi eta musikarekin tartekatuta. Bideoan, zinea zenbat maite zuen, protagonismotik aldentzeko zuen joera edo gaur egungo bizimoduaz zituen pentsamenduak jaso dituzte zineklubeko lagunek.

Ondorengo bideoa zapatuan Maalan egin zuten omenaldi ekitaldiko laburpena da.

∞Lotura duten albisteak: