Tahitiko eta Sri Lankako folkloreak Euskal Herrikoarekin bat egingo dute Maalan

Barren.eus 2019ko uzt. 15a, 16:51

Tahitiko Hei Show Tamure taldea eta Sri Lankako Sama Ballet dira Elgoibarko Nazioarteko Folklore jaialdiko aurtengo talde gonbidatuak. Haritz dantza taldearekin batera ikuskizuna emango dute barixakuan, Maalan.

Haritz Euskal Dantzari Taldeak uztailaren 19rako antolatu du Elgoibarko Nazioarteko Follore jaialdia. Aurtengoa 33. ekitaldia izango da. Ikuskizuna 22:30ean hasiko da, eta azken urteotan bezala, Maalako parkean izango da aurten ere. Hona hemen oholtzara igoko diren hiru taldeak eta eskainiko dutena:

 • Sama Ballet - Sri Lanka
Sama Ballet taldea 1985ean sortu zuten, eta Sri Lankako Kultura Gaietako Sailak onartutako erakundea da. Ajith Amarasirik zuzentzen du taldea. Hasieratik bera izan da dantzari nagusia, zuzendariordea, koreografoa eta kudeatzailea. Sama hitzak bakea esan nahi du zingalieraz eta tamileraz; Sri Lankako bi hizkuntza ofizialetan. Sama Balleten helburu nagusia dantzaren bidez munduan bakea zabaltzea da. 1986az geroztik Sri Lankako tradizioko dantzak erakusten dihardute munduan zehar.

2019 07 15 folklore elgoibar sri lanka

 • Hei Show Tamure - Tahiti
Hei Show Tamure 2010ean sortu zuten, eta Hilani Tama dute buru. Konpainia honek bere dantza-eskola du harrobi, 150 bat ikaslerekin. Dantzari eta musikari guztiak polinesiarrak dira. Euren kultura sustatzen dute, eta eginkizun horretan nazioarteko zenbait jaialditan parte hartzen dute urtero. Polinesiak ahozko kultura du, eta horrek garrantzia areagotzen die dantza eta kantei. Gaur egun dantzak eta kantak ez dira folklore hutsak; polinesiarren bizitza bera osatzen dute. Inspirazio iturri dituzte, eta era berean, baita aspaldiko kondairak eta familia, herri, uharte eta uhartedi bakoitzeko istorioak ere.

2019 07 15 folklore elgoibar tahiti hei show tamure

 • Haritz EDT - Elgoibar
Elgoibarko Haritz dantza taldearen emanaldiari dagokionez, aurten ere jaialdiari hasiera eta amaiera emango dio. Lehen zatian Igartzako ezpata-dantza dantzatuko dute, eta bigarrengoan, berriz, Bizkaiko Durangaldeko eta Lekeitioko Kaixarranka dantzak.

2019 07 15 folklore egoibar haritz 2018 barren aldizkaria