Kokein taldearen emanaldiarekin hasiko da ‘Barixakuak Usuan’ kontzertu zikloa

Barren.eus 2019ko uzt. 3a, 16:15

Normalean distortsioa eta soinu gogorra ezaugarri dituzten kantuen bertsio akustikoak defendatzera etorriko dira Eibarko Kokein taldeko musikariak. Taldea osatzen duten bost kideetatik hiru soilik igoko dira taula gainera, ‘Barixakuak Usuan’ egitasmoari hasiera emango dion emanaldian.

Barixakuak Usuan egitasmoa antolatu du Ander Mujikak uztaileko barixakuetarako, eta barixaku honetan, uztailaren 5ean, hasiko da, Eibarko Kokein taldearen kontzertuarekin. Taldea osatzen duten bost kideetatik hiru soilik igoko dira taula gainera, normalean distortsioa eta soinu gogorra ezaugarri dituzten kantuen bertsio akustikoak defendatzera. Kantu batzuk moldatuak izango dira, beste batzuk gordinxeagoak, eta bertsioren bat edo beste ere eskainiko dute. 20:00etan hasiko da saioa.

Uztaileko barixakuetan herriko kaleetan egoten den uda giroa musikaz janztea bururatu zitzaion Ander Mujikari. Musika du ofizioa eta afizioa, eta musika oinarri hartuta prestatu du Barixakuak, Usuan kontzertu zikloa. Lau ostiral, lau kontzertu. Formato txikiko kontzertuak izango dira, antzerakoak, baina desberdinak guztiak, eta hizkuntza nagusia, euskara izango da saioetan, nahiz eta beste hizkuntza batzuk ere entzungo diren. Usuan izango dira emanaldak, parke hori oso gustuko duelako antolatzaileak, eta euria egiten badu, udaletxeko arkupera lekualdatuko dira saioak. 20:00etan hasiko dira kontzertuak.

Datozen barixakuetan Joseba Irazoki, MobyDick eta Los Sara Fontan taldeen txanda izango da.

∞Lotura duten albisteak: