Asteburuko aire libreko zine emanaldiak Maalan egingo dituzte

Barren.eus 2019ko uzt. 3a, 11:12

Kalegoen plazako 4. atariko atzealdea jausi izana kalte eta buruhauste ugari eragiten ari da. Aire libreko zine emanaldia ere asteburuan hastekoa zen Kalegoen plazan, baina Maalara lekualdatu dute. Era berean, eguenetako merkadilloa ere bertan behera gelditu da.

 Campeones filmarekin hasiko dira barixakuan, uztailaren 5ean, 2019ko aire libreko zine emanaldiak, Maalako parkean. Zapatuan, uztailaren 6an, “Mamma Mia! Una y otra vez" filma emango dute. Bi emanaldiak 22:30ean hasiko dira.
Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, Kalegoen plazan erabiltzen dutena baino zine pantaila txikiagoa erabiliko dute Maalan. Eszenatoki aurrean ipiniko dute pantaila, egunean bertan.
Bigarren astebururako programaturiko filmeak non emango dituzten erabakitzeke dago oraindik, Kalegoen plazako obren martxaren arabera erabakiko dute kokalekua, Udaletik azaldu dutenez. Unean unean emango dute erabakien berri.

•Eguenetako merkadilloa bertan behera

Aita Agirreko obren ondorioz, Kalegoen plazan egin dute eguenetako merkadilloa azken hilabeteetan, baina eguen honetan ezingo dute egin, zatia galdu zuen eraikina egonkortzeko egiten ari diren lanen ondorioz. Sigmako aparalekuan egitea ere aztertu zuten, baina aste honetako azoka bertan behera lagatzea erabaki dute azkenean.

2019 07 03 merkadilloa elgoibar kalegoen plaza 1

∞Lotura duten albisteek: