Ina Iriondo: “Azkeneko urteotako sentsazioak batu ditut disko berri honetan”

Barren.eus 2019ko eka. 27a, 19:49

Maraca Diablo proiektuarekin bueltan da Ina Iriondo mendaroarra. ‘El regreso del niño indio’ diskoa kaleratu zuen joan zen ostiralean, Maraca Diabloren bigarren lana. Aspaldian buruan bueltaka zerabilen proiektua gauzatu du, eta “oso gustura” agertu da egindako lanarekin.

 - Zazpi urte geroago, bueltan zatoz. Zergatik orain?

Bai. Orain zazpi urte eman nuen argitara Hail Zigurat, Maraca Diabloren lehenengo diskoa, gure Eneko jaio baino sei hilabete lehenago. Garai hartan baneuzkan beste kantu batzuk hasita eta banuen haiek hurrengo urtean ateratzeko asmoa ere, baina denborak ez zidan ematen. Guraso izan berri ginen, eta hasita geunden, gainera, Munletekin berriro jotzen eta grabatzen, eta erabaki nuen standby uztea proiektu hura. Eginda neuzkan kantu batzuk, esan bezala, eta berriak ere sortu nituen: Intxaurbakoitza eta Hiru Ahate. Bi kantu horiek lehendik nituenei batuta, pentsatzen nuen baneukala beste disko baterako materiala eskuan, baina bat-batean, asko uste gabe, aita hil zitzaigun eta horrek ordura artekoaz oso bestelako sentsazioa sortu zuen nigan, eta beste kolore bateko musika egiten hasi nintzen. Tarte horretan, Munletek bizitza hartu zuen berriro, gure lagun Cebrirekin batera, eta 2016an diskoa kaleratu eta bira txiki bat hastea pentsatu genuen. Hurrengo urtean Maddi jaio zen, gure alaba, eta erabaki nuen unea zela berriro Maraca Diabloren proiektuari heltzeko. Orain apur bat libreago nabilela, kantuei azkeneko ukitu batzuk egin eta azkeneko urteotako sentsazioak batu ditut.

- ‘El regreso del niño indio’ jarri diozu izenburua. Zergatik izenburu hori?
Izenburua erderaz du diskoak, kantu gehienak euskaraz diren arren. Izenburu indartsua iruditzen zitzaidan, eta bere horretan uztea erabaki nuen. Nik egokiena iruditu zaidan hizkuntzan sortu dut beti musika, eta kasu honetan oso kantu pertsonalak zirenez, euskaraz sortu ditut. Bestetik, esango nuke naif influentziadun kantu asko daudela; nolabait haurtzarora buelta bat da hau, baina esango nuke ezinbestez izan dela hori, hala behar zuelako etxean bi ume txiki izanda. Umeekin batera berriz ari naiz bizitzen haurtzaroko sentsazio haiek guztiak, eta hori eta bizitza osoan ikasitakoa eraman dut orain musikara eta paperera.

- Laguntzarik izan duzu disko honetarako?
Gehiena nik egin dut, baina izan ditut laguntzaile batzuk, bai. Anak, Munleteko Anita Lady Fingersek, egin dizkit pare bat kanturako letrak. Era berean, abestu ere egiten du beste kantu batean, eta baita theremina jo ere. Iñigo Romerak ere lagundu dit Cancer Moon-en bertsio bat egiten. Cujo, Los Clavos edo Arana taldeetan aritutakoa da Romera. Jesus Cidek, Ourensen daukadan lagunak, itzuli dit beste letra bat galegora, eta Charlee Mito artista bilbotarrak egin dizkit diskoko marrazkiak eta baita diskoarekin batera banatzen diren kromoak ere.

- Non eskura daiteke diskoa?
Bi bertsiotan dago diskoa: KDan, eta gero kaxa sorpresa batean non KDaz gainera kromo bilduma berezi bat eta beste gauza batzuk ere badatozen, entzumena ez dena ere gozatzeko. Diskoa entzuteko edo lortzeko aukera onena Bandcampen sartzea da: https://maracadiablo.bandcamp.com edo badok.eus atarian, baina Spotify, iTunes eta halakoetan ere topatu ahal da. Eta bestela bidali email bat maracadiablo@gmail.com helbidera, eta listo.

- Hasi al zara zuzenekoetan pentsatzen?
Momentuz larri nabil denboraz eta ezin dut, baina beharbada, aukera on edo apropos bat suertatuko balitzait, momentua litzateke pauso hori emateko ere.

2019 06 27 maraca diablo ina iriondo mendaro joxe areta goñi argazkia