Tertuliak programaren ikasturteari amaiera emateko antolatu zuten Erraiak dokumentalaren emanaldia, baina programan ez dabilen jendea ere batu zen Kultur Etxera, irrintzien mundua gertuagotik ezagutzera. Erraiak dokumentala irrintzien gainean egindako dokumentala da. Ekain Martinez de Lizardui antropologo donostiarrak lagun bat hil zitzaionean sentitu zuen lan hori egiteko beharra. Irrintziei buruzko ezer ez zegoela jasota ikusi zuen, eta bidea zabaltzen jardun du. "Irrintzia gurea da, aspaldikoa, eta gaur arte iraun badu funtzio bat bete(tzen) duelako izan da. Gure nortasunaren parte da, eta zaindu eta sustatu behar dugu. Ez gara lotsatu behar. Ez digu beldurik eman behar irrintzia botatzeak", esan zuen Martinez de Lizarduik.
•Emozioekin zuzenean lotuta dagoen oihua
Dokumentalean azaltzen dute irrintzien antzerako oihuak lurralde asko eta askotan ematen direla. "Mundunko beste toki askotan ere ematen dira antzerako fenomenoak. Gure kasuan, zaldiaren soinutik datorrela uste da. Zaldia animalia berezia da euskaldunontzat".
Funtzio asko betetzen ditu irrintziak: poza aldarrikatzeko bada, baina tristura uneetan ere badauka tokia. Elkarrizketa edo komunikazio kanal bat ere bada. Ez da bakarka egiteko. Elkarrizketa mota bat ere bada. Zerbait esateko edo adierazteko egiten da. Irrintzia emozioekin zuzenean lotuta dagoen oihua da, barru-barrutik, erraietatik, ateratzen dena. "Komunikatzeko ere bada irrintzia, baina hori baino gehiago da, gurea da, hemengoa da, beraz, identitatearekin zerikusia ere badu, eta bizitzako egoera ezberdinetan elkartasuna adierazteko ere balio du".
Erraiak dokumentala egitearen helburua irrintziaren fenomenoa azaleratzea izan dela esan zuen antroplogo donostiarrak. "Oso pozik" dago egindako lanarekin eta dagoeneko 25 herritan eman dute Erraiak. Nahiko luke hau hasiera baino ez izatea eta irrintzien mundua bistaratzen segitzea. Orain badaki han eta hamen irritzi ikastaroak antolatzen hasi direla, eta irrintzilari-taldeak ere sortzen ari dira.