Mauxitxa: 50 urtez Txiki Eguna girotzen

Barren.eus 2019ko eka. 20a, 20:27

Mauxitxa txaranga 50. aldiz irtengo da aurten Txiki Eguna girotzera. 1970eko Txiki Egunean jo zuen lehendabizikoz Mauxitxak estreinakoz, bederatzi lagunez osatutako talde batekin. Mende erdia pasatu da ordutik, eta hori ospatzea erabaki dute. Prestatu duten egitaraua aurkeztu dute gaur.

 Aurtengo Txiki Eguna, beraz, berezia izango da, txarangarentzat, eta baita herritarrentzat ere. Herri bazkaria antolatu dute, 50 Txiki elkarrekin ospatzeko. 800 lagunetik gora batuko dira bazkaritarako Sigmako aparkalekuan, eta ez da jai girorik faltako.
Makillak koadrilako lagunek txaranga bat sortzea erabaki zuten 1970eko uztailean, sanbartolomeei beste saltsa bat emateko asmoz. Luis Zubiaurre Balle (klarinetea), Victor Zubiaurre (saxofoia), Rikardo Gorriti (kaxa), Juan Luis Arregi (bonboa), Rikardo Mujika (txapak), Txomin Mujika (bonbardinoa). Zuzendaria, Jose Alberto Ansola izan zen, Mauxitxa. Uztailean sortu zuten taldea, eta gogor ekin zioten lanari. Egun gutxiren barruan hainbat abestiz osaturiko errepertorio zabala zeukaten prest, eta Soraluzeko Santa Ana txiki egunean jotzeko eskakizuna jaso zuen Rikardo Gorritik. Bezperan ziren kontratua sinatzekoak, baina azkenean, kontratugileek kale egin zuten. Desilusioa handia izan zen, baina ez etxean geratzeko bestekoa. Victor Zubiaurreren osabaren Seat 600 autoan sartu zituzten instrumentuak, eta osaba eta biak abiatu ziren Soraluzera. Gainerako musikariak, eta herriko beste neska-mutil mordoska bat autobusez joan ziren. Maltzagara lehenik, eta handik, La bergaresa hartuta, Bar Giilara. Viva el anis izan zen jo zuten lehenengo pieza. 307 pezeta bildu zituzten ikusleen artean, eta Udalak etxera itzultzeko taxia eta mila pezeta eman zizkien. Bakoitzak 150 pezeta hartu zituen, eta gainerakoa txanpana erosteko erabili zuten. Ondo baino hobeto ospatu zuten estreinaldi hura. Gerora, Jose Antonio Osoro Katxo eta Jose Angel Zubiaurre Balle batu zitzaizkien, eta bederatzi horiek osatutako taldea irten zen 1970eko
Txiki Egunean kaleak musikaz jantzi eta herritarrak dantzan jartzera. 1974rako hamabi lagunek osatzen zuten Mauxitxa, Antxon Azpiazu, Jose Inazio Sarasua eta Jose Inazio Izagirre ere batu zirelako taldera. Elgoibarko eta beste hainbat herritako festetan joten hasi ziren, eta 1976an lehenengo aldiz jo zuten Lanaren Diana. Jaime Arrese orduko alkateak afari bat agindu zien txarangako lagunei, irailaren 1ean goizean irteten baziren, oporren bueltan jendea lanera bidaltzeko. Esan
eta egin. Ordutik ohitura bilakatu da hori ere, eta elgoibartarrak Mauxitxarekin hasten dira lanean, abuztuko oporren ostean. Mauxitxak herritarrekin ospatuko du mende erdia, eta eskerrak eman dizkiete herritarrei, urte hauetan guztietan emandako babesagatik.

AGENDA
San Bartolome jaietan txupinazoa botako du Mauxitxak, eta horrekin hasiko dituzte urteurreneko ospakizunak. Urte osoko egitaraua prestatu dute, 2019ko sanbartolomeetan hasi, eta 2020 Soraluzeko Santa Ana jaiak arte. Hona hemen lotuta dituzten ekitaldien zerrenda:

- Abuztuak 26, Txiki Eguna:

  • 12:00 Kalejira. Txarangako iraganeko eta egungo kideekin argazkia.
  • 14:00 ‘50 Txiki’ herri argazkia, Kalebarren plazan.
  • 16:30 Kalejira, Kalegoen plazatik Sigmara.
  • 17:00 Herri bazkaria, Sigman.

  Abendura arte: Txiki Egunetik Gabonetara bitartean dokumental bat grabatuko dute Txiki Eguneko bizipenekin eta herritarren laguntzarekin. Gabonetan aurkeztuko dute. Argazki erakusketa ere egingo dute, eta herrigintzako ekintzetan parte hartuko dute.

  2020ko martxoa: Sagardotegira irteera.

  Apirila: Kontzertu berezia, Udal Musika Bandarekin.

  Maiatza: Morkaiko Eguna aprobetxatuz, txarangen eguna.

  Ekaina: Trinitate jaietan, erraldoien alardea, erraldoi erakusketa eta herri bazkaria.

  Uztaila: Soraluzeko Udalarekin elkarlanean, Viva el anís eta Sukalde. Soraluzen hasi eta Elgoibarren bukatu.

2019 06 20 mauxitxa txaranga 50txiki aurkezpena elgoibar 3

2019 06 20 mauxitxa txaranga 50txiki aurkezpena elgoibar 1

2019 06 20 mauxitxa txaranga 50txiki aurkezpena elgoibar errosario