Gure Artea sarietako bat Xabier Arakistain artistarentzat

Barren.eus 2019ko eka. 17a, 16:31

Arte plastikoen eta ikusizko arteen eremuan Euskadin egiten den lana goratzea da Gure Artea Sarien helburua. Hiru artista saritu dituzte aurten, nork bere eremuan egindako lanagatik. Xabier Arakistain Ezenarro Arakis elgoibartarra da sarituetako bat.

 Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria jaso du Xabier Arakisek Gure Artea sarietan. Beste bi lagun ere saritu dituzte: Miren Arenzana Letamendik (Bilbo, 1965) ibilbide artistikoa saritzen duen modalitatean jasoko du Gure Artea saria. Sorkuntza lana aitortzeko saria, azkenik, Sahatsa Jauregi Azkaraterentzat (Itaparica, Bahia, 1984) izango da. Saritu bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur goizean iragarri ditu 2019ko Gure Artea sarietako irabazleen izenak, Bilboko Arte Ederren Museoan egin duten ekitaldian. Sariak banatzeko ekitaldi ofiziala irailaren 17an egingo dute, Gasteizko Artium museoan.
Fernando Golvano izan da epaimahaiaren presidentea, eta epaimahaikideak izan dira Beatriz Herráez, Gema Intxausti, Iñaki Gracenea eta Maite Martínez de Arenaza.

 • ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko’ saria

Xabier Arakistain Ezenarro ‘Arakis’ saritua izan da ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko’ modalitatean. Erakusketa-komisario gisara izan duen ibilbidea azpimarratu du epaimahaiak (epaimahaiaren ebazpena -PDF-), non “emakumezko eta gizonezko artistak berdintasunez tratatu eta arte ofizialaren historiografiaren kanonak berraztertu baitituen”. Epaimahaiak ondoko erakusketak aipatu ditu, besteren artean: ‘Transexual Express’ Bilbaoarte (Bilbo, 1999); ‘Transexual Express’, Rosa Martínezekin batera (Bartzelona, 2001); ‘Kiss Kiss Bang Bang’ Arte Ederren Museoa (Bilbo, 2007); ‘Guerrilla Girls’ (2013); ‘Why Not Judy Chicago?’ (2015); edota ‘Margaret Harrison. Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak’ (2017), Azkuna Zentroan (Bilbo).

Epaimahaiak, bestalde, 2001 eta 2003 bitartean Arakistain Bilbaoarteko erakusketa-programaren arduraduna izan zela eta 2006tik 2011ra arte Vitoria-Gasteizko Montehermoso Kulturuneko zuzendaria izan zela adierazi du: “Montehermoson, kudeaketa-eredu feminista zuen arte eta pentsamendu garaikideko kultur-gune berritzaile bat sustatu zuen, emakumeen paritatea bermatuz programa guztietan”.

Azkenik, Xabier Arakistainek hitzaldi ugari eman dituela azpimarratu du epaimahaiak, honakoak bezalako kultura-aretoetan: Londresko Tate Modern, Royal College of Art eta UCL, Parisko EHESS, Vienako MAK, Berlingo 8. Bienala, New Yorkeko Brooklyn Museum eta New Museum, Boston College, Mexiko Hiriko MUAC, Costa Ricako Unibertsitatea, Txileko Santiagoko Arte Ederren Museoa edo Madrilgo MNCARS, besteren artean. (informazio osoagoa: www.euskadi.eus)

∞Lotura duten albisteak

2019 06 17 arakis jata kamisetagaz elgoibar