Teo Martinezen 'Nostalgia eta Handikeria' argazki erakusketa, gaurtik aurrera Kultur Etxean ikusgai

Barren.eus 2019ko eka. 14a, 14:09

Teo Martinez argazkilariaren begirada berezia, samurra eta azidoa isladatzen du 'Nostalgia eta Handikeria' izenburua daraman erakusketak. Gaur inauguratuko dute, eta ekainaren 29ra bitartean egongo da ikusgai Elgoibarko Kultur Etxean.

Ongarri Argazki Taldeak eta Udaleko Kultura Sailak antolatu dute Teo Martinezen argazkiekin osatutako argazki erakusketa. Astelehenetik zapatura egongo da ikusteko aukera, 18:30etik 20:30era.
Ongarritik jakinarazi dutenez, Teo Martinezen lana, azken urteetako espainiar argazkigintzaren aurkikuntza handienetako moduan nabarmentzen bada ere, bere begirada berezi, samur eta azidoak ez zuen balioespenik jaso joan zen mendeko 50- 70 hamarkada arte. Orain, “bere negatiboak kontu handiz puru kutxatik atera eta bere artxiboa berrargitaratua eta birbaloratua izan denean, Teoren talentuak, merezitako balioespena jaso du”, azaldu dute.
Bere belaunaldiko kide ezagunenen inbidiarik gabe, garaiko eskolez harago, bizitzea egokitu zitzaion Espainiaren ikuspuntu fresko, berri, eta lotsagabea gailentzen da bere lanean, konposiziorako zein iruzkin sozialerako berezko senaren jabe dena.
Teo Martinez Gorrochateguiri (Logroño 1930), 50. hamarkadan hasi zitzaion argazkigintzaren arra esnatzen, eta bere interesa, modu autodidaktikoan elikatu zuen Cómo aprender a hacer fotografías eskuliburua, eta Kodak Retina garairako luxua zen argazki kamera eskuetan hartuta. Txirrindulari afizionatua bera, argazkigintzaren oinarriak ikasi bitartean, txirrindulariei atera zizkien argazkiak Foto Teo goitizenez, eta honek, Errioxan ireki berri zuten La Gaceta del Norteko delegazioan erreportari gisa aritzeko aukera eman zion. Geroago, Europa Presseko enkargu fotografikoak ere egin zituen.

2019 06 12 teo martinez argazki erakusketa ongarri elgoibar