'Uztaileko barixakuak, Usuan': Uda, musika giroan

Barren.eus 2019ko eka. 12a, 14:24

Uztaileko barixakuetan zuzeneko musika emanaldiak emango dituzte Usuako parkean lau taldek: Kokein, Joseba Irazoki, MobyDick eta Los Sara Fontan.

Elgoibarko Narvale booking agentziak antolatu du Barixakuak Usuan izeneko egitasmoa, Elgoibarko Udalaren babesarekin eta Usua taberna eta Hotel Txarridunaren laguntzarekin. Estreinako ekitaldirako lau musika talderekin osatu dute kartela. Eibarko Kokein taldeak emango du lehen kontzertua uztailaren 5ean. 1999. urtean sortu zuten Kokein taldea eta bost disko kaleratu dituzte euren ibilbidean, 2017an kaleratu zuten azkena, 'Lurpekhariä' izenekoa. (*goiko argazkia: Galder Izagirre)

Joseba Irazoki etorriko da uztailaren 12an, MobyDick uztailaren 19an eta Los Sara Fontan taldeak itxiko du zikloa. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira. Euria iragarrita dagoen egunetan udaletxeko arkupeetan izango dira kontzertuak.