Aitor Mendiluzek irabazi du Elgoibarko Koplaldia finalera Uxue Alberdirekin ailegatu eta gero 

Barren.eus 2019ko eka. 8a, 13:41

Elgoibarko lehen Koplaldia egin zuten barixaku iluntzean Bolatokiko parkean. Antolatzaileen helburua bertso zaleentzako jaialdi berezia eta erakargarria prestatzea zen. Horrez gainera, baina, lehiaketa ere bazen, eta publikoak Aitor Mendiluze izendatu zuen irabazle.

Hamar bertsolari aritu ziren koplatan Elgoibarko lehen Koplaldian: Eli Pagola, Aitor Mendiluze, Onintza Enbeita, Miren Artetxe, Maider Arregi, Manex Agirre, Andoni Egaña, Odei Barroso, Aitor Bizkarra eta Uxue Alberdi. Ainhoa Mendibil eta Danele Sarriugartek jarritako gaiak eta puntuak erantzun zituzten bertsolariek saioaren lehen zatian. Bolatokiko parkean batutako publikoak erabaki zuen zein ziren hurrengo kanporaketara pasatzen ziren sei bertsolariak. Lehen lerroetan eserita zeuden hogei lagunek eman zuten euren botoa. Bigarren kanporaketaren amaieran, publikoko beste hogei lagunek erabaki zuten finala jokatzea merezi zuten bi bertsolariak zein ziren, eta Aitor Mendiluze (Andoain, 1975) eta Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) aukeratu zituzten. Alberdiri eta Mendiluzeri hiru ariketa jarri zizkieten finalean, eta beste hogei lagunek erabaki zuten nor zen irabazlea. Hiru orduko saioaren amaieran, Aitor Mendiluzeri eman zioten irabazlearen garaikurra, Aitor Etxeberria artista mendaroarrak Elgoibarko I. Kopladirako propio sortu duen eskultura.

Bertsolariak eta koplak izan ziren protagonista nagusiak, baina musikarien parte-hartzeak jantzi zuen Koplaldia. Sinuöse Kultur Elkarteko kide Ander Mujika, Iban Urizar, Jon Gurrutxaga eta Patxi Zabaletak girotu zuten saioa zuzeneko musikarekin, eta koplatarako doinuak ere jarri zizkieten bertsolariei. Aire librean izan zen saioa eta egiten zuen gau giro hotza izan zen beste protagonistetako bat, eta koplatan ere aipatu zuten.  

ARGAZKI-BILDUMA: Elgoibarko I. Koplaldia

∞Lotura duten albisteak: