Elgoibarko eta Soraluzeko abesbatzekin emango du kontzertua Udal Musika Bandak

Barren.eus 2019ko eka. 7a, 08:09

Udal Musika Bandak kontzertu berezia emango du ekainaren 14an, San Bartolome parrokiako eta Soraluzeko Ezoziako abesbatzekin. Soinu eta argiekin apaindutako ikuskizuna izango da, eta sorpresak iragarri dituzte arduradunek.

Besteak beste, hurrengo egunean izango den Trinitateetako danborradari egingo diote keinuren bat. Kalegoen plazan izango da emanaldia, eta aulkiak jarriko dituzte, saioa eserita ikusteko. Lehenengo lerroa gurpildun aulkia erabiltzen duten pertsonentzat izango da.

Elgoibarko Udal Musika Banda orain dela lau urte hasi zen kalean kontzertu bereziak eskaintzeko egitasmo honekin, erakusteko Udal Musika Banda ez zela hilero Herriko Antzokian ematen dituen kontzertuetara soilik mugatzen. Aurreko edizioak rock estilokoak izan dira, eta harrera oso ona izan dute herritarren partetik, baina aurtengoa desberdina izango da. Gorka Mujika zuzendariak esan du ez dutela nahi egitasmo hau rock estiloarekin lotzea, eta horregatik erabaki dute aurten aldatzea. 22:30ean hasiko da musikaldia.