256 ikaslek abestuko dute 'Gu ere Bertsotan' jaialdian

Barren.eus 2019ko mai. 21a, 12:22

"Gu Ere Bertsotan" jaialdia izango da maiatzaren 22an, eguaztena, Elgoibarko Herriko Antzokian. Herri Eskolako eta Ikastolako LH4. eta 5. mailetako 256 ikasle igoko dira oholtza gainera, “Ahozkotasuna eta bertsogintza” proiektuan ikasitakoa erakusteko.

Elgoibarko Udalak finantzatutako eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak zuzendutako “Ahozkotasuna eta bertsogintza” proiektuan jardun dute Elgoibar Ikastolako eta Herri Eskolako ikasleek, eta urtero egin ohi duten moduan, bertso-jaialdi bat egingo dute ikasturtean zehar egin duten lanaren erakusgarri. 

Ekitaldia irekia izango da; beraz, doinu, neurri eta errimez gozatzea gustuko duen edonor bertara daiteke, ikasle, irakasle eta gurasoez gain. Bi saiotan egingo dute jaialdia, 17:30ean, LH4koak, eta 19.00etan, LH5ekoak, eta sarrera doakoa izango da bi kasuetan.

Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Bertsozaleen Elkarteak elkarlanean sustatzen dute Gu Ere Bertsotan proiektua, 2005-2006 ikasturteaz geroztik.

Aurtengoa, proiektu honen 14. edizioa izan da, eta bertan parte hartu duten ikasleek, astean, ordubete eskaini diote ahozkotasuna lantzeari, horretarako bitarteko tresna bertsoa izan dutelarik. Irati Artetxek zuzendu ditu aurtengo ikasturteko saioak, eta ikuspegi pedagogiko batetik, lau arlo landu ditu nagusiki: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonala nahiz soziala.

Elgoibarko Udalaren Euskara Sailak gonbite berezia egin nahi die proiektu honetan parte hartu duten ikasleen gurasoei, euren seme-alabek ikasturtean landutakoaren emaitza ikustera joan daitezen. Hona hemen iazko saioko argazki-bilduma.