Publikoaren babesa behar du Iñaki Goitiak 'Relatos en Cadena' mikroerrelatoen lehiaketan

Barren.eus 2019ko mai. 14a, 15:22

Iñaki Goitia Mendaroko liburutegiko liburuzainaren 'El imbécil' mikroipuina saritu dute Madrilgo Idazleen Eskolak eta Ser irrati kateak antolatutako Relatos en Cadena mikroerrelatoen lehiaketan. 

Astelehenetik ostegunera egiten dute lehiaketa asteko onena aukeratzeko, eta 27. asteko onena izan da berea (1.098 ipuin aurkeztu ziren guztira). Maiatzeko hiru astetako onenetatik hilabeteko onena apartatuko dute maiatzaren 27an, eta horretarako, behar-beharrezkoa du publikoaren babesa, epaimahai teknikoaren iritziaz gain herritarrek emandako boto-kopurua hartzen dutelako kontuan. 

Entzuleen literaturako eta sormenerako talentua sustatzeko helburuarekin sortu zuten lehiaketa eta aurtengoa hamabigarren edizioa da. XII. edizio hau iazko irailaren 3an hasi zuten, astelehenarekin. Orduan, esaldi bat eman zuten antolatzaileek eta hiru eguneko epea jarri zuten esaldi hari segika gehienez 100 hitzeko ipuinak sortzeko. Geroztik astero-astero egin dute lehiaketa. Aurreko asteko irabazlearen ipuineko azken esaldia erabilita sortu behar izaten dira ipuinak astelehenetik ostegunerako tartean, gehienez 100 berbatakoak, eta astelehenetan aukeratzen dituzte asteko onenak. Hilabeteko onenak Idazleen Eskolak antolatutako El gozo de escribir ikastaroa on-line egiteko aukera irabazten du, bai eta bere lana Cuentos para el Andén aldizkarian argitaratzeko aukera ere. Lehiaketako irabazle nagusiak, berriz, 6.000 euro jasoko ditu. Joan zen asteko hiru onenen artean (lehiaketako 27.astean), Iñaki Goitiaren 'El imbécil' ipuinak jaso zituen boto gehien, eta maiatzeko onena izateko aukera du orain. Horretarako, baina, behar-beharrezkoa du herritarren laguntza, hilabeteko onena aukeratzeko epaimahai teknikoaren iritzia ez ezik herritarrek emandako boto kopuruak ere hartzen dituztelako aintzat. Maiatzaren 20an (astelehena), 20:00etan, zabalduko dute botoa emateko aukera eta maiatzaren 27ko 11:00ak arteko epea egongo da. Botoa emateko, honako link honetan sartu behar da:  https://escueladeescritores.com/concurso-votacion-rec/. Gogoratu 27. asteari dagokiona dela Iñaki Goitiaren ipuina, behean duzuen hauxe: 

Hona hemen, Goitiaren ipuina:

‘El imbécil’

Me queda un regusto amargo en la boca al leer tu nota de despedida. Al principio no me siento aludido, acostumbrado a oír de tus labios un “idiota” o un “bobo”, pero siempre en tono cariñoso. El “cabrón” y el “hijo de puta” que se te escapan en la cama se explican por el contexto. Pero ese “Adiós, imbecil” seco, pegado al frigorífico… Cojo un lápiz y pongo la tilde que falta en la e de “imbécil” mientras doy un sorbo a la cerveza. Llanas que no terminan en vocal, en n, ni en s. De toda la vida.

Ser kateko La Ventana irratsaioan Iñaki Goitiari eginiko elkarrizketa entzun dezakeze ondorengo loturan (38:30 minututik aurrera): https://play.cadenaser.com/audio/cadenaser_laventana