Txomin Mujika omendu dute Guardiako Gaita-Jotzaileen Egunean

Barren.eus 2019ko mai. 12a, 19:28

Guardia herriko eta Arabako Errioxako festa garrantzitsuenetariko bat ospatu dute atzo eta gaur: Gaita-Jotzaileen Eguna. Txomin Mujika Latxa elgoibartarra izan da aurtengo omendua; eta, gainera, Elgoibarko Udal Musika Bandak kontzertua eman du.

Gaita-Jotzaileen Eguna 1975eko maiatzaren 11n sortu zen, Jesus Martinez (Jimeleo) herriko gaita-jotzaile nagusiari omenaldia egiteko, baina urteen poderioz gero eta pertsona gehiago erakartzen duen ospakizuna bihurtu da, eta Arabako Errioxako eta Arabako jai ospetsuenetako bat da egun. Asteburu honetan 45. ekitaldia ospatu dute eta musikari elgoibartarrek leku berezia izan dute egitarauan. Batetik, Txomin Mujika Latxa izan da urtero omentzen duten gaita-jotzaile edo dultzaineroa. Gaitero alardearen ostean egin diote omenaldia Mujikari, 13:00etan, Guardiako Plaza Nagusian. Gaita-Jotzaileen Eguna iragartzeko kartela ere musikari elgoibartarraren irudi batekin osatu dute. Bestetik, Elgoibarko Udal Musika Bandak kontzertua eman du gaita-jotzaileekin batera. Egunari hasiera emateko Dianan ere hartu du parte Elgoibarko Bandak. 

Txomin Mujikak 42 urte daramatza Guardiako Gaitarien Egunean parte hartzen, eta aurten ere ez du hutsik egin. Aitor Novarekin eta Gorritirekin ibili da kalejiran Guardiako kaleetan. Omenaldia egin behar ziotela bazekien arren, ezustekoak ere izan dira. Elgoibarko Udal Musika Bandak iragarri gabe zegoen 'A Txomin Mujika' pieza jo du leku askotariko gaitariekin batera egin duten Dianan. Eltziegoko gaita jotzaileek sortutako pieza da eta Artaxoako dultzaina jotzailea den Ricardo Ofizialdegik moldatu du pieza hori Bandak jo ahal izateko. Elgoibarko Udal Musika Bandak eguedian eman duen kontzertuan ere jo dute berriro ere.

Gaita edo dultzaina haize-instrumentua da, mihi bikoitzekoa eta oboearen familiakoa. Arabako Errioxan garrantzi eta garapen handiena izan duen bertako instrumentutzat jotzen da. Hainbat gaita-jotzaile eta dultzaineroren sehaska izan da Guardia, eta herriak dituen erdi aroko kale eta kalexkak leku egokia dira instrumentu horien soinua entzuteko. Hainbat lekutatik joandako gaitero eta dultzaineroek parte hartzen dute Gaita-jotzaileen Egunean, Euskal Herrikoak eta baita urrunagokotik etorritakoek ere, hala nola Valentzia, Zamora edo Soriako musikariek. Elgoibarko dultzaineroek ere, Txomin Mujika tartean, ez dute hutsik agin azken urteetan.

*Goiko argazkia: arabakoerrioxa.eus