'Arizmendiarrieta, el hombre cooperativo' dokumentala emango du gaur Ongarrik

Barren.eus 2019ko mai. 2a, 15:16

Ongarri zine klubak Arizmendiarrieta, el hombre cooperativo dokumentala emango du gaur, Herriko Antzokian. Danobatgroup kooperatibaren babesarekin antolatu dute emanadia, eta ez dute sarrerarik kobratuko.

Emanaldia 21:30ean hasiko da.
Gaizka Urresti (Portugalete, 1967) zine zuzendari eta ekoizleak zuzendu du Arizmendiarrieta, el hombre cooperativo izeneko dokumentala, non Arizmendiarrietaren historia eta ibilbidea kontatzen den 97 minutuan.

Gerra ostean, apaiz euskaldun bat eta bere ikasleak munduko talde kooperatibo handienaren sortzaileak izan ziren, eta mundu osoan enpresa eta gizarte mailan erreferenteak. Jose Maria Arizmendiarrietak Fagor, Eroski edo Euskadiko Kutxa sortu zituen, beste hainbat enpresa eta erakunderen artean. "Oztopo guztiei aurre egin zien, gizakia logika ekonomiko eta enpresarialaren erdian jartzeko helburu bakarrarekin", azaldu du zuzendariak dokumentaleko protagonistaren inguruan. 2018ko maiatzean estreinatu zuten lana.
Mondragon Korporazioaren sortzaileari buruzko ikuspegi pertsonala ematen du Urrestiren dokumentalak. Arizmendiarrietaren bizitzako kapituluak errepasatzen ditu, abiapuntutzat harturik Goi-mailako Eskola Politeknikoa edota Fagor kooperatiba martxan jartzeko prozesuetan berarekin kolaboratu zuten pertsonen lekukotzak. Horrez gain, inoiz argitaratu gabeko birsorkuntza animatuak eta artxiboko ikus-entzunezko materialak ikus daitezke lan honetan.

Hona hemen dokumentalaren aurrerapen-bideoa:

ARIZMENDIARRETA EL HOMBRE COOPERATIVO TRAILER from Gaizka Urresti on Vimeo.