Mauxitxaren 50. Txiki Eguna ospatzeko bazkaria antolatu dute txarangako kideek aurtengo Txiki Egunerako

Barren.eus 2019ko api. 25a, 08:36

Mauxitxa Txarangak bazkari berezia antolatu du aurtengo Txiki Egunerako, “50 Txiki elkarrekin” lelopean. Abuztuaren 26an izango da aurten Txiki Eguna. 

Aurtengoa Mauxitxa Txarangak girotu eta alaitutako 50. Txiki Eguna izango da, eta mende erdi hori herriarekin eta herritarrekin ospatzea nahi dute. Abuztuaren 26an izango da aurtengo Txiki Eguna, astelehenean. Mauxitxa Txarangak 12:00etan hasiko du kalejira, eta 14:00etan argazki erraldoia aterako dute Kalebarren Plazan, Kultur Etxe aurrean. Ahalik eta herritar gehien batu nahi dituzte argazkirako, beraz, ordu horretan San Frantzisko iturri ingurura gerturatzeko deia egin diete herritarrei. Argazkiaren ondoren, Errosario kaletik jarraituko du kalejirak Kalegoen plazara arte, eta 16:30ean Sigmarako bidea hartuko dute, denek elkarrekin, eta 17:00etan izango da bazkaria, Sigmako aparkaleku estalian.

Euskal Parrila katering enpresak prestatuko du bazkaria, eta ondorengo menua eskainiko dute: entsalada mixtoa, lumagorri oilaskoa eta sahieskia parrilan, Eceiza etxeko pastelak eta kafea. Edateko ardoa eta sagardoa eskainiko dituzte. Zapiak, kamisetak eta txapak ere atera dituzte egun berezi horretarako, beraz, bakoitzak eskatzen duenaren arabera ordainduko du. Informazio gehiagorako eta izena emateko ondorengo web ataria kontsultatu behar da: https://labur.eus/mauxitxaonlinedenda. 

Izena emateko azken eguna uztailaren 15a jarri dute.