Sara Basurtoren margolanak daude ikusgai Kultur Etxean, hilaren 30era arte

Barren.eus 2019ko api. 24a, 14:22

Sara Basurto 17 urteko elgoibartarrak bere estreinako margo erakusketa inauguratu zuen atzo, eta hilaren 30era arte egongo dira ikusgai bere lanak, Kultur Etxean.

Ume-umetatik gustatu izan zaio Sara Basurtori margotzea. Arkatza, margoak eta pintzelak zituen umetan lagun, eta gaur egun, espatula erabiltzen du bereziki. 17 urte ditu eta Batxilergo Artistiko Plastikoa ikasten ari da Eibarren. Bere denbora librean, margotu egiten du. Marrazkiak kopiatzen hasi zen bere kabuz, eta gero Paula Herasen margo eskoletara joaten hasi zen. Eibarren beste margo ikastaroren bat ere egin zuen, eta 12 urterekin Gemma Monreal margolari elgoibartarrarekin hasi zen margotzen.

Azken bost urteotan marrazki eta koadro pila bat egin ditu, eta horietako lan batzuekin osatu du erakusketa. Gemma Monreal bera izan da erakusketa honen sustatzailea, eta berak lagundu dio erakusketa antolatzen. Marrazki eta koadroen artean, 40 bat lan jarri ditu ikusgai. Errealistak zein fantasiazko lanak dira. Sarak oraindik ez dauka margotzeko estiloa guztiz definituta, eta denetarik margotzen du. Paisaje errealistak marraztea gustuko du, eta horren adierazle dira esaterako Mendaroko txokolateria eta Elgoibarko burdindegi zaharra, baina era berean, kolore biziko fantasia lanak ere gustatzen zaizkio, eta erakusketan jarri ditu estilo horretako lanak ere. 

Atzo inauguratu zuen erakusketa, pozik, baina aldi berean urduri. Hilaren 30era arte egongo da zabalik, astelehenetik zapatura, 18:30etik 20:30era.