The Sick and Indigent Song Club talde irlandarrak kontzertua emango du barixakuan Sotoan

Barren.eus 2019ko api. 10a, 13:32

The Sick and Indigent Song Club musika talde irlandarrak hiru kontzertu emango ditu Euskal Herrian datozen egunetan, eta Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan hasiko dute bira, Biarritzera eta Angelura joan aurretik. Sinuöse elkarteak antolatu du Sotoko emanaldia.

Sinuosetik jakinarazi dutenez, The Sick and Indigent Song Club taldea 2004 urtean sortu zen, Gary Fitzpatrick dublindarra eta Angie McLaughlin eskoziarra The Ha’penny Bridge Inn ostatuan astero emanaldiak ematen hasi zirenean. Asteroko emanaldien ardura hartu eta gutxira Shane McGrath, Christian Volkman, Gerry Fitzpatrick eta Sheila Sullivan gehitu zitzaizkien, eta ospea hartu zuten Dublingo eszena musikalean. Sei urtez jadun zuten astelehenero zuzeneko emanaldiak ematen, eta tarte horretan talde gisa hazteaz gainera, pop klasikotik folk eta americana estiloetara egin zuten bidea. The Inistoige Folly (2007) izan zen beraien estudioko estraineko lana eta Punch Drunk (2009) hari jarraitu ziona bi urte geroago.

Bi lan horiek kritika onak izan zituzten Erresuma Batuko hainbat aldizkaritan. Eta taldeak kontzertuak eman zituen Europan eta Amerikako Estatu Batuetan. Eten bat egitea erabaki zuten 2010ean, beste proiektu batzuei bidea irekiz, Minnie and the Illywhackers eta The Dead Zoo taldeak, esaterako. McLaughlin eta Fitzpatrick-ek taldea elkartu zuten Shangai hirian astebetez zuzenean aritzeko eta izandako arrakastaren ondorioz, taldea berriro martxan jartzea erabaki zuten. Shinbone Alley (2017) izan zen elkartze haren emaitza, itsasoko tradizioan oinarritutako kantuetan inspiratzen den lana. Diskoa argitaratu zutenetik, Dublingo The Hacienda bar tabernan jotzen dute hileko azken domeketan.

Talde irlandarrak hiru emanaldi emango ditu Euskal Herrian: Apirilaren 12an Elgoibarko Sotoan, apirilaren 13an Biarritzeko La Table Des Docks-en, eta, azkenik, apirilaren 15ean Angeluko Mulligans-en.

Elgoibarren emango duten zuzenekoa 23:00etan hasiko da.