‘Plazatik Gaztetxera’ txapelketako finalerdia jokatuko dute barixakuan Sutegixan

Barren.eus 2019ko api. 2a, 12:29

Pare bat urtez Plazatik Gaztetxera txapelketako agendatik kanpora egon da Elgoibar, baina aurten berriz ere itzuliko da gure herrira. Apirilaren 5ean, barixakuan, izango da kanporaketa, finalerdia, zehazki.

20:30ean egingo dute afaria Sutegixa gaztetxean, eta bertso saioa 22:00ean hasiko da. Sarrerak Derry eta Lanbroa tabernetan erosi daitezke, apirilaren 4ra arte.

XVII. Plazatik Gaztetxera bertsolari txapelketa Ondarroan hasi zen, martxoaren 22an. Guztira 22 bertsolari ari dira parte hartzen, bakarka, eta zazpi saiotan hartuko dute parte. Ondorengo herrietako gaztetxeetan jokatuko dira saioak: Ondarroa, Itziar, Mutriku, Zestoa, Elgoibar, Eibar eta Deba. Elgoibarkoa, esan moduan, lehen finalerdia izango da, eta Ondarruko eta Mutrikuko saioetako lehen sailkatuak, Itziarko eta Zestoako bigarrenek eta Ondarroako eta Mutrikuko hirugarrenak arituko dira bertsotan. Oihana Aranguren Arregi, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Mikel Olaizola Oñederrak osatuko dute epaimahaia.

 • Finala, Deban
Aurtengo finala Debako gaztetxean izango da, apirilaren 27an. Finaleko saioa goiz eta arratsaldez izango da, eta bazkariak eta kontzertuek beteko dute egitaraua.
Txapelketaren 17. ekitaldia izango da aurtengoa eta helburuak hasiera batean jarritakoak direla nabarmendu dute antolatzaileek: bertsolari gazteei bertsotarako aukera ematea eta bertsoa gazteengana hurreratzea. Txapelketa jokatuko den zazpi herrietako (eta Oñatiko) gazte asanbladetako kideak dira antolatzaileak.

2019 04 02 Plazatik gaztetxera elgoibar kartela

Lotura duten albisteak: