Ikusmina sortzen ari da 'Patria' telesailaren grabaketa

Barren.eus 2019ko api. 1a, 14:34

HBO katekoak goizean goizetik ari dira Patria telesailerako grabaketa lanak egiten Elgoibarren, elizan eta Kalegoen plazan, bereziki. Figuranteen artean elgoibartar dezente daude.

Gaurtik eguaztenera arte ibiliko dira grabaketa lanetan Elgoibarren Patria telesailekoak. Kalegoen plazarako sarreretan hainbat lagun dabiltza lanean, peto horiak jantzita, herritarrak ohartaraziz. Grabaketak egin behar dituzten uneetan isiltasuna eskatzen dute eta une horretan ez dute plazan sartzen lagatzen, grabaketako planoetan ez agertzeko.

Figurante lanetan diharduten lagunak, berriz, Kalegoen plazan gora eta behera ibili dira gaur, umeak baloiarekin jolasean eta La Pamplonesako autobus zahar bat ere erabili dute grabaketetan. Ez dira asko izango Elgoibarren grabatutako filmak edo telesailak eta herritarren ikusmina sortu dute grabaketa lanek, batek baino gehiagok hartu baititu irudiak mugikorreko kamerarekin.

Aktore eta figuranteez gainera, teknikari asko dabiltza lanean. Félix Viscarret (Iruñea, 1975) zinema zuzendaria eta gidoigilea eta Oscar Pedraza dira 'Patria'ko zuzendariak. HBO Europe kateak emango du Patria telesaila (2020an emititzea aurreikusten dute), eta zortzi kapitulo izango ditu, bakoitza ordubetekoa. Aitor Gabilondok idatzi ditu gidoiak eta Alea Mediak ekoitziko du seriea. Fernando Aramburu idazlearen izen bereko liburuan oinarritutako seriea izango da. 

∞Lotura duten albisteak: