Motxaila Eguna ospatzen hasita daude gaur, larunbata, Mendaron

Barren.eus 2019ko mar. 30a, 09:33

Motxaila Eguna dute gaur, hilak 30, Mendaron. Atzo hasi zituzten ospakizunak, Motxailen zerua bertso saioarekin. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Alaia Martin bertsolariak gonbidatu zituzten kanturako eta San Agustin kulturgunea bete egin zen. Bertso saioan, ez zen umorerik falta izan eta une hunkigarriak ere bizi izan ziren, besteak beste Andoni Egañak aurten erretiroa hartuko duen herriko lehen andereñoari kantatu zionean. Juanita Loiola andereñoa aretoan zen, eta haren alaba gazteenak, Maialen Olazabalek, jardun zuen gai jartzen. Juan Arriolak eta haren bi alabek, Nereak eta Maddik, gitarra eta biolinarekin lagundu zituzten bertsolariak.

2019 03 29 MotxailaEguna bertso saioa

2019 03 29 MotxailaEguneko bertso saioa ArtanolaAskotariko gaiak erabili zituzten kanturako bertsolariek. Olazabalek lau alkategairen azalean jarri zituen, esaterako, bertsolariak. EAJko alkategaia izan zen Maialen Lujanbio, EHBildurena Alaia Martin, Motxaila Talde Independentearena Amets Arzallus eta VOXena Andoni Egaña. Sagardotegira ere eraman zituen Martin, Lujanbio eta Arzallus, eta akuagim saiora Egaña, eta gaur zortzi Mendaron jokatuko den Kilimon Trail lasterketako bi parte-hartzaileren paperean ere jarri zituen Amets Arzallus eta Alaia Martin, besteak beste. Motxaila Eguneko ospakizunen maila goi-goian jarri zuten lau bertsolari puntakook, baina ospakizun egun handia gaur dute Mendaron. Goizean goiz abiatu dira Gaztetxetik Aitzbeltz kobazulora eta eguerdian bazkaria izango dute Gaztetxean. Arratsalde-iluntze partea, berriz, musikak beteko du. Nor Naiz taldearen kontzertua izango dute bazkalostean Gaztetxean eta Agosti eta Barrenarekin trikitipoteoan ibiliko dira iluntzean.