BIDEOA: ‘Iruña-Veleia. Erromatar hiria Araban’ Juan Martin Elexpururen hitzaldia

Barren.eus 2019ko mar. 29a, 09:33

‘Erroma Euskal Herrian’ izeneko hitzaldi-zikloaren barruan, ‘Iruña-Veleia. Erromatar hiria Araban’ izenburuko hitzaldia eman zuen Juan Martin Elexpuru filologoak (Bergara, 1950) otsailaren 27an, Elgoibarren. Ondorengo bideoan ikus dezakezue hitzaldia osorik, eta nahiago izanez gero, Ibon Serranok eta Jon Barandianek Elexpururi eginiko elkarrizketa irakur dezakezue. (bideoa eta elkarrizketa dauzka)

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak antolatu zuen hitzaldia, Udalaren laguntzaz, eta Kultur Etxeko hitzaldi-gela bete egin zen. Hitzaldiaren aurretik, baina, ekimen honen sustatzaileetako bik, Ibon Serranok eta Jon Barandiaranek, Iruña-Veleiaren auziaren inguruko argi-ilunez galdetu zioten Juan Martin Elexpururi eta solasaldi haren transkripzioa duzue ondorengoa.

2019 03 28 juan martin elexpuru hitzaldia elgoibar barren

Juan Martin Elexpuru: “Nahi izanez gero, zientziak azkar asko argi dezake Iruña-Veleiako auzia”


 • Askok ahaztua izango dute dagoeneko auzi hau, baina oraindik itxi gabe dago. Noizko kontuez ari gara? Egiguzu laburpen bat.
Beti jakin izan da Iruña-Veleian erromatar aztarnak zeudela, baina indusketa-lanak 1950. urte inguruan hasi zituzten. Gratiniano Nieto izeneko gizon batek bost induste-saio egin zituen orduan, induste lanetarako soldaduak erabilita. Urte askoan geldi egon zen dena gero, harik eta 1994. urte aldera Lurmen S.L. enpresakoek berriro ekin zioten arte. Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoen zuzendaritzapean, zortzi urtez egon ziren Lurmenekoak Iruña-Veleiako aztarnategian indusketak egiten, oso baliabide gutxirekin. 2002an, hamar urterako lan-hitzarmena sinatu zuten EuskoTrenekin eta lortu zuten lanerako finantziazioa. Dena normal zihoan, baina 2005-2006. urte bitartean garai ezberdinetan datatutako ostrakak agertzen hasi ziren leku ezberdinetan [margotzen edo idazten ikasteko erabiltzen ziren kareharrizko edo zeramikazko zatiak]. Ostraka bereziak ziren, batez ere zuten tematikagatik eta hizkuntzagatik. Ezusteko handiena ostraka haien artean euskarazkoak topatzeak eragin zuen. 75 bat pieza topatu zituzten, eta haietan, euskarazko berba arruntak eta esaldi sinpleak irakur zitezkeen. Pieza berezi guzti haiek unibertsitateko irakasle batzuei erakutsi zizkieten, haien inguruko iritzia eman zezaten, eta benetakoak zirela esan zuten denek ahobatez. Aurkikuntzak poz handia sortu zuen, eta 2006an, prentsaurrekoa ere eman zuten pieza haiek aurkezteko. Baina, berehalaxe sortu ziren lehenengo zalantzak. Filologo batzuek esan zuten ezin zirela egiazkoak izan, ostraketako euskara ez zetorrelako bat ustez antzinako garai haietako euskararekin. Beste batzuek arrazoitu zuten Araban ez zela euskaraz egiten sasoi hartan, eta beraz, ezinezkoa zela horrenbeste euskarazko ostraka Araban topatzea. Bi indar horiek batu ziren, akademikoa eta mediatiko-faktiko geopolitikoa, ordura arteko lan guztia zalantzan jartzeko.

 • Zalantza, hala ere, ez dago euskarazko grafito horietan bakarrik, ala?
Ez. Euskarazkoak piezen %25 bat ziren, eta eztabaida haien inguruan lehertu bazen ere, laster zabaldu zen denera. Izan ere, zalantzak sortu ziren latinezko ostraketan eta batez ere irudietan batzuek RIP irakurtzen zutelako eta beste batzuek esaten zutelako garai hartako erlijio kristauak ez zuela ikonografia hori erabiltzen. Egoera horretan ikerketa batzorde bat izendatu zuen Arabako Foru Aldundiak, eta hamar hilabeteren ondoren batzordekide horiek -ia denak unibertsitateko kolegak ziren-, erabaki zuten pieza haiek faltsuak zirela.

 • Zertan oinarritu ziren, baina, arkeologo haiei iruzurra egin izana leporatzeko?
Usteetan. Iritzi hutsetan oinarrituta auzipetu zituzten Eliseo Gil eta Oscar Escribano eta prozesua eternitate bat luzatu zen gero, epaileak bederatzi bat urte eman zituelako instrukzioa egiten eta Ertzaintzak ere urte mordoska bat pasatu zituelako txosten poliziala egiten. Atzeratzen-atzeratzen joan da dena, eta bitarte horretan, Lurmen S.L enpresak hogei bat txosten aurkeztu ditu ostrakak benetakoak direla frogatzeko, baina epaiketa egunik ez da zehaztu oraindik, eta hori harrigarria da, sekula ez delako herri honetan halakorik gertatu auzibide zela-halako gehiago egon badira ere.

2019 03 28 juan martin elexpuru elgoibar izarra elkarrizketa ibon serano jon brandiaran

 • Zein egoeratan gelditu dira denbora honetan kaltetuak izan diren Eliseo Gil eta gainerako auzipetuak?
Egoera oso kaskarrean, batez ere Eliseo Gil bera. Bere ibilbide profesionala zeharo etenda gelditu da, eta gainera, oraindik ere Lurmen S.L enpresaren titularra izaten jarraitzen dute Idoia Filloy eta biek, eta horrek esan nahi du, bihar edo etzi kalte-ordainak ere egon daitezkeenez, ezin dutela enpresa desegin. Eta horrek, jakina, oso egoera zailean jarri du Eliseo Gil, enpresa baten jabe denez, ezin dituelako hainbat diru-laguntza eskatu.

 • Eliseo Gilekin batera jardun zen indusketa lanak zuzentzen Idoia Filloy eta biak dira Lurmen S.L. enpresaren titularrak, baina Gil bakarrik dago auzipetuta. Zergatik?
Auzi honetako beste misterioetako bat da hori. Hasieran auzipetu zuten Filloy ere, iruzur ekonomikoren bat leporatuta, baina egozten ziotenak ez zeukan ez hanka ez bururik eta artxibatu egin zuten kereila hura. Ikusi zen, gainera, kontabilitatea oso ondo zeramatela biek eta nahita ere ezin izan zuen hor inork eskurik sartu haien kontra egiteko. Judizialki, auzi hau desastre hutsa izan da hasieratik akaberaraino. Zure galderarentzako ere ez dago erantzunik. Eliseo Gil auzipetua dago, eta Idoia, ez. Eta uste dugu zentzugabekeria hori bera dela epaiketa ez egitearen arrazoi nagusia. Hainbeste xelebrekeria egin dituzte bai Foru Aldundiak, bai batzordekideek eta baita epaiketegiak berak ere -ez dezagun ahaztu frogak salatzailearen esku utzi zituela, izugarrizko beldurra diotela epaiketari, ebidentzian lagako lituzkeelako denak. Zer beste arrazoi ditu bestela maila honetako iruzurra egon dela uste duenak epaiketara ez deitzeko? Eta epaiketa ez egitearen ondorioak bi aldeentzat dira txarrak nire ustez, baina bereziki Eliseo Gilentzat dira txarrak, oso egoera gaiztoan utzi duelako auzi bidegabe honek. Egia esan ez dakigu nola bukatuko den hau: epaiketa egingo den, ez den egingo... Eliseo Gilek aukera dauka epaiketa egin aurretik froga fisikoak, analitikoak-eta, egitea eskatzeko, baina epaileak uka diezaioke hori eskatzea ere. Eromena da.

 • Jo dezagun akusazioak darabilen hipotesia egia dela eta Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla. Zeintzuk izan zitezkeen Eliseo Gilen eta Idoia Filloyren arrazoiak faltsutze sistematikoa egiteko? Zein interes izan zezaketen?
Guk geuk ez dugu interesik ikusten, ezta irudimenari bidea libre lagata ere. Ostrakak faltsutzen hasita inork ez lituzke 400 faltsutze egingo, hamar ganorazko eginda nahikoa lukeelako. Eta gainera, faltsutzen hastea erabakiz gero, logikoena da Akitanian, Sorian eta inguruetan agertutako piezak aztertzea lehenengo, ondoren haien kopiak egiteko. Logikoena modelo zaharrak errepikatzea da alegia, baina hemen halakorik ez dago. Euskara eta erlijioa daude hemen auzitan. Zenbait salatzailek uste dute abertzaletasunaren jukutria bat izan dela hau, abertzalegoari inportantzia emateko. Baina puntu honetara iritsita aitatu nahiko nuke ez Eliseo Gilek eta ezta Idoia Filloyk ere ez dakitela euskaraz eta euskaltzaletasun berezirik ere ez zaiela ezagutzen. Era berean, erlijio zaletasunik ere ez zaie ezagutzen, beraz, bi alde horietatik motibazio berezirik ezin zuten izan. Motibazio ekonomikoak mugitu zituenik ere ezin genezake esan, auzi honek miseria besterik ez dielako ekarri. Ertzaintzak zazpi urte pasatu ditu delitu honen balizko arrazoien bila, eta txostenean jaso du “entzute profesionala eta ekonomikoa” bilatzen zutela.

 • Egiazkoak direla egiaztatuz gero, baina, aterako lukete irabaziren bat, ala?
Dirurik ez, baina prestigioa ziurrenik bai. Hala ere, ez dezagun ahaztu lehendik ere bazutela izena bi arkeologo hauek. Nolanahi ere, nik esan nahi dudana da delituak frogatu egin behar direla eta usteak ezin direla sekula frogatzat erabili. Zientziak baditu tresnak, grafito baten antzinatasuna zehazteko. Horixe delako zientziaren ezaugarrietako bat: gauzak zehazki neurtzeko tresnak edukitzea, iritzi denen gainetik. Nahi izanez gero, zientziak azkar asko erabaki dezake hau zer izan den.

Euskarazko literaturaren nondik norakoak gertutik jarraitzen dituen Artefaktua telebista saioko 46. ataleko protagonista ere izango da Elexpururen ‘Euskararen aztarnak Sardinian?’ liburua. Zapatuan (martxoak 30) emango dute ETB1ean, 13:30an.

2019 03 28 juan martin elexpuru hitzaldia elgoibar barren kulturetxean