'Patria' telesaila Elgoibarren grabatuko dute datorren astean

Barren.eus 2019ko mar. 28a, 14:37

Patria telesailekoak Elgoibarrera etorriko dira, datorren astean, grabazio lanak egitera, eta lanok eraginak izango dituzte, Kalegoen Plazan eta parrokian, bereziki.

Astelehenetik aurrera etorriko dira Patria-koak grabazio lanak egitera, eta Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, grabazio lan horiek eraginak izango dituzte herrian, apirilaren 1ean, 2an eta 3an. Astelehenean, apirilak 1, kanpoaldean egingo dituzte grabazioak, 8:00etatik 19:00etara, hortaz, Kalegoen Plaza itxita egongo da, halere, puntualki geldiuneak egingo dituzte, eta 11:00ak arte oinez zein autoz pasatu ahal izango da.

Bestalde, martitzenean eta eguaztenean, apirilak 2 eta 3, grabazioak 7:30etik 18:30era egingo dituzte, kanpoaldean zein barnealdean. Aurreikuspenen arabera barruko eszenak bi egunetan 9:00ak eta 13:00ak artean grabatuko dituzte, beraz, zonaldea libre egongo da tarte horretan.

Era berean, Lekueder plazan eta San Inazio kalerako igoeran jantzi, filmaketa eta produkzio kamioi ugari egongo direnez, aipaturiko hiru egunetan inguru horietako aparkalekuak ez dira erabilgarri egongo.

•Mezarik ez hiru egunetan

San Bartolome eliza barruan ere grabaketak egingo dituztenez, astelehen, astearte eta asteazkenean ez da 19:00etako mezarik egongo. Horren ordez, Maalako kaperan emango dituzte mezak egun horietan 9:00etan.

Donostian, Soraluzen (aste honetan aritu dira grabatzen, mikus plaentxia.eus-en) eta Elgoibarren grabatuko dute, batez ere, Patria, HBO Europe-k ekoiztutako telesaila. 

∞Lotura duten albisteak: