'Zoaz pake santuan' antzezlana emango dute larunbatean Mendaron

Barren.eus 2019ko mar. 21a, 20:11

Mikel Laskurain eta Ane Gabarain aktoreek Zoaz pake santuan antzezlana taularatuko dute zapatuan, martxoak 23, Mendaroko San Agustin kulturgunean.

Mendaron emango duten emanaldia 19:00etan hasiko da eta hiru euroan salduko dituzte sarrerak.

Mikel Laskurain eta Ane Gabarain aktoreak sarritan izan dira bikotekide antzerki obretan. Oraindik ere badira, Etxeko saltsak lanean. Urteak daramatzate "ofizioan", eta ongi ulertzen dute elkar. Txalo konpainiarekin aurkeztuko duten obran, ordea, Gabarain Laskurain hiltzen saiatuko da, "egunerokoak eta errutinak gaina hartuta". "Umore beltzez" betetako obra da Zoaz pake santuan, BegoƱa Bilbao zuzendariaren esanetan. "Asperdurarako tarterik ez duen komedia", Gabarainen ustez. Bi aktoreok Donostian, Soraluzen eta Elgoibarren aurki grabatzen hasiko diren Patria telesailean ere ikusiko ditugu

Bilbaok aukeratu zuen obra: "Komediak irakurri eta irakurri ari naiz etengabe, eta halako batean topatu nuen hau, Emmanuel Robert-Espalieuk idatzia". Jatorrizko obra frantsesez bada ere, Laskurainek eta Gabarainek euren eremura ekarri dute: "Umorearen gakoetako bat da gertukoa izatea, eta horregatik gurea egin dugu obra, ez hizkuntza aldetik bakarrik". Izenburua bera aldatu izanak eragina izan du, Gabarainen ustez: "Noiz izan zen azken aldia zen frantsesez, Zoaz pake santuan da euskaraz. Diferentzia agerikoa da, eta moldaketa horiek igarriko dira oholtza gainean". Bilbaok esanda, ikusleek gertuko sentituko dituzte aktoreek egiten dituzten erreferentziak: "Antzerkiaren iruditeria Euskal Herriari lotuta sortu dugu".

Tokikoa izanagatik, ordea, komediak badu ukitu unibertsala, zuzendariaren ustez: "Obra oso unibertsala da. Umoretik kontatzen du bikote baten porrota: gaizki esanak, haserreak, adiskidetzeak...". Hori da, funtsean, Zoaz pake santuan lanak kontatzen duena: "Nik harreman hau hautsi nahi dut, eta erabakitzen dut Mikel hiltzea dela onena", dio Gabarainek. Berehala, ordea, irauli egiten da kontua: "Etxean giltzapetuta gelditzen dira biak", nabarmendu du Laskurainek. "Orduan hasten da benetako gorabehera: elkarri inoiz esan gabeak esaten dizkiogu. Ane nazkatu egiten da eguneroko errutinarekin, baina nik esaten diot ezin dela harremana norbait hiltzen amaitu".

Hala, etenik gabeko elkarrizketetan murgilduko dira protagonistak. "Esaldi laburrak eta gag-ak tartekatzen ditugu, ordu eta hamar minutuan ikusleak tentsioa mantendu dezan", azaldu du Laskurainek. Eta, erritmo horri eusteko, ezinbestekoa izan da bi aktoreen arteko lan sakona. Zazpi astez aritu dira obra prestatzen, baina bazuten abantaila: egin dute aurretik lan elkarrekin, eta ongi ezagutzen dute komedia generoa. Laskurainek aletu du sortze prozesua: "Elkarri gomendioak eman dizkiogu pertsonaiak osatzen ari ginen momentuan". Gabarainek egin du azpimarra: "Badugu ofizioa honezkero, eta elkarrekin lan asko egindakoak gara; horrek erraztu du elkarren osagarri diren bi pertsonaia osatzea". Bilbaok ere hasieratik izan zuen argi Laskurainekin eta Gabarainekin lan egin nahi zuela: "Etxeko saltsak obran bikain ari dira bikotekide moduan, eta eskarmentu handia dute biek. Bagenekien horrelako komedia batek izango zuela arrakasta beraiek protagonista izanda".