Bi hitzaldi antolatu dituzte Hasier Etxeberriaren oroimenez, elgoibartarren euskaltzaletasuna sustatzeko asmoz

Barren.eus 2019ko mar. 21a, 19:11

Elgoibarko Izarra kultur elkarteak eta Elgoibarko Udalak Biba Hasier! ekimena antolatu dute bigarren urtez, Hasier Etxeberria idazle eta euskaltzalearen oroimenez. Elgoibartarren artean euskaltzaletasuna sustatzeko helburuarekin, bi hitzaldi antolatu dituzte.

Martxoaren 27an izango da lehenengoa. Mikel Zalbide eta Andres Alberdik euskara batuaren inguruan jardungo dute, eta apirilaren 3an, Etxera bidean, Xamarrekin hitzaldia emango du Xamar berak. Bi hitzaldiak Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango dira, 19:00etan.

 • Euskara batua hizpide lehen hitzaldian
Euskara batua abian jartzea izan da seguru asko azken urteotan euskaran gertatu den urratsik emankorrenetako bat. Onarpen zabala lortu du, gainera, gizarteko alor guztietan. Gerora begira, hala ere, erronka bat baino gehiago dago oraindik zerumugan: Zein dira erronka horiek? Nola gainditu daitezke?
Mikel Zalbidek erantzungo die Andres Alberdik jarritako puntuei. Zalbide euskaltzain osoa da 2006tik. 2018ko Arantzazuko XVII. Biltzarrean, bera izan zen Euskaltzaindiaren sorrerari eta euskara batuaren egitasmoari buruzko txostengile nagusia. Alberdi, berriz, euskaltzain urgazlea da.

2019 03 21 biba hasier elgoibar kartela