Emakume bertsolarien testigantzak bildu ditu Uxue Alberdik ‘Kontrako eztarritik’ liburuan

Barren.eus 2019ko ots. 28a, 19:01

Uxue Alberdi idazle eta bertsolari elgoibartarrak hamabost emakume bertsolari elkarrizketatu ditu Kontrako eztarritik libururako (Lisipe bildumako bosgarren zenbakia da).

Bertsolaritzan emakume asko ari diren pertzepzioa gero eta zabalduago dago, baina datuek, aldiz, ez dute hori erakusten. Bertsolaritza praktika sozial bat da, eta praktika sozial oro bezala, gure garaiko botere harremanen dispositiboa da. Hala adieraziko dute Alberdik elkarrizketatu dituen hamabost bertsolariek. 

Idazle eta bertsolari elgoibartarrak Susa argitaletxearen eskutik aurkeztuko du Kontrako Eztarritik saiakera, martxoaren 4an, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, 11:00etan.
 • Sinopsia
Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak hamabost bertsolari elkarrizketatu ditu lisiperen bosgarren ale honetan. Helburua, aldiz, ez da bertsogintzaren teknika finduez, koplen kalitateaz edo zortzikoen flow-az mintzatzea, ezpada horiek guztiak nortzuek, nondik eta norentzat sortuak diren aztertzea; bertsolaritza praktika sozial bat baita eta praktika sozial oro baita gure garaiko botere harremanen dispositibo. Hala adieraziko dute elkarrizketatuek.
Emakume mordoak omen dihardu bertsolaritzan. Hori entzuten dugu behin eta berriro, baina datuak eta pertzepzioak ez datoz bat. Guk badakigu emakumeen ikusgarritasuna gizonezkoen desiraren neurrira egina dela, eta, Alberdik bikain argitzen duen moduan, gizon publikoaren osagarri rola betetzen duen bitartean, emakumea (singularrean) onartua da gizonen espazioetan, baina gizonenak dira espazio publikoak.