Urkullu lehendakariak esan du erreminta makinaren sektorea funtsezkoa dela herrialde lehiakorrago bat egiteko

Barren.eus 2019ko ots. 27a, 14:27

Erreminta makinaren museoaren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldian hartu du parte, gaur goizean, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak. Ohorezko aurreskua dantzatu diote ongi-etorria egiteko, eta ondoren, museoa erakutsi diote.

Lehendakariari ongi-etoria egin eta gero, ofizio tradizionalen erakustaldia egin dute, karraskatzailearen, armagintzako grabatzailearen eta errementariaren ofizioak nolakoak ziren ikusteko. Lamoten grabatuaren gaineko azalpenak ere eman dizkiote eta museoko Ohorezko liburuan sinatuz amaitu du bisitaldia. Lehendakaria, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, eta gainerako agintari eta enpresariak IMHko Alberto Ortueta aretora joan dira gero, eta han egin dute museoaren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionala.

Iñigo Urkulluk erreminta makinaren sektoreak duen garrantzia balioan jarri du hitza hartu duenean. Nabarmendu duenez, funtsezko sektorea da herrialde lehiakor batentzat, berritu, digitalizazioa barneratu eta industria modernoago baterantz aurrera egin nahi duen herrialde batentzat. Hala, Lehendakariak aitortu egin du Sektorearen jarrera aitzindaria eta egiten duen ekarpena herrialde lehiakorrago baten eraikuntzan.
Urkulluk azpimarratu duenez, Euskadiko Makina Erremintak Estatuko % 90 adierazten du; eta, gainera, euskal ekonomian industriak duen pisua % 24tik gorakoa da. Testuinguru horretan, Makina Erreminta kanpoko merkatura irekitzen aitzindaria izan dela eta punta-puntakoa dela azpimarratu du Lehendakariak. “Erreferentea da berrikuntzan, gaitasun teknologikoan eta egokitzeko gaitasunean, esportatzeko bokazioan eta merkatu globalean duen presentzian”, zehaztu du. Hala, azaldu duenez, joan den urtean errekor bikoitza hautsi zuen, batetik, enpresa esportatzaileen kopuruan (16 mila) eta, bestetik, esportatutako zenbatekoan (25 mila milioi euro). “Bere ekarpena 2020an % 25era iristeko helburuari eusten diogu”, gaineratu du.

 Lehendakariarekin batera beste hainbat agintarik eta ordezkarik hartu dute parte urteurren ospakizunean: Elgoibarko alkate Ane Beitiak, Museoko aurreko zuzendari eta Zuzendari berri, Pedro Ortuondo eta Bea Ansola, AFM Clusterreko ordezkari Xabier Ortueta, IMHko Zuzendari Ixaka Egurbide, Mondragon Kooperatibako Presidente Iñigo Ucín eta Danobat Taldeko Presidente Cesar Arriola.

2019 02 27 makina erreminta museoa 20 urte inigo urkullu elgoibar aurreskua barren

2019 02 27 makina erreminta museoa 20 urte inigo urkullu elgoibar barren