'Lamoten Grabatua' liburua aurkeztuko dute erreminta makinaren museoak hogei urte bete dituela ospatzeko ekitaldian

Barren.eus 2019ko ots. 26a, 16:14

Erreminta makinaren museoak 20 urte bete ditu eta ospakizun ofiziala egingo dute eguazten honetan, otsailaren 27an. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Ane Beitia Elgoibarko alkateak hartuko dute parte, besteak beste, eta museoko arduradunek Lamoten Grabatua liburua aurkezteko aprobetxatuko dute ekitaldia.

Makina erremintaren hiriburua bezala ezagutzen da Elgoibar, eta Makina Erremintaren Museoa pieza garrantzitsua da testuinguru horretan. Erdi Arotik gaur egunera arte burdinaren lanketak izan duen garrantzia biltzen du museoak. Makina Erremintaren Museoari esker hobeto ulertu daiteke Elgoibarko eta inguruetako industria izan dena, gaur egun dena eta etorkizunean izan daitekeena. 

Hogei urte betetzearekin batera etapa berria hasi nahi dute arduradunek eta museoa gizarteratzea izango da helburu nagusia, hau da, orain arte egindako lana bistaratzea eta ezagutzera ematea, bai Elgoibarren eta baita herritik kanpora ere. Burutuko dituzten jarduerek helburu didaktikoa izango dute, eta komunitate osoari zuzendutakoak izango dira. 20. urteurrena aitzaki hartuko dute historia industrialaren kontaketa egiteko, eta hainbat jarduera antolatu dituzte horretarako. Museoan bertan ofizio desberdinen erakustaldiak egingo dituzte, eta kalean ere egingo dituzte ekintzak, jendearen bistan. Besteak beste, emakumea eta industriari buruzko tertuliak eta argazki erakusketa egingo dituzte, bideo emanaldiak eta sormena lantzeko tailerrak.
20. urteurreneko ospakizun ofiziala, baina, bihar egingo dute, museoan bertan eta IMHko Alberto Ortueta aretoan, eta besteak beste, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Ane Beitia Elgoibarko alkateak hartuko dute parte. Hona hemen egitaraua:

  • 9:30 Gonbidatuei harrera, IMHko sarreran.
  • 10:00 Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak museora egingo duen bisitaren zuzeneko emanaldia.
  • 10:30 Lehendakariak eta egintariek gonbidatuak agurtuko dituzte.
  • 10:35 Ekitaldiaren eta liburuaren aurkezpena. Rafael Barrenechea museoko presidenteak, Ane Beitia Elgoibako alkateak eta César Garbalena AFMko presidenteak hartuko dute parte.
  • 10:45 Manuel Lageren hitzaldia. La historia del automovil en España. Una visión nueva.
  • 11:15 Itxiera, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik.
  • 11:30 Ogibide tradizionalen zuzeneko erakusketa eta luntxa museoan.

 • Lamoten grabatua liburuaren aurkezpena

20. urteurreneko ekintzen barruan, Lamoten Grabatua liburua argitaratu dute, eta biharko ekitaldian aurkeztuko dute. Florencio Josepf de Lamot Gondesoone Baillerbi (Flandria) herrian jaio zen, 1701. urtean. 1736an Euskal Herrira etorrita, Soraluzeko eta Tolosako Errege Arma Lantegien kontuhartzailea izan zen, eta gerora, ikuskatzailea. 1757. urtean armagintzari buruzko grabatu bat egin zuen. Marrazki eta testu ugariren bidez, armen ekoizpenari buruzko informazioa jasotzen du grabatuak, eta garai hartan ekoiztutako hainbat arma klaseri buruz berba egiten du. Grabatuaren beheko aldean, bestalde, armagintzan garrantzi handia duten lau gremiori buruzko azalpenak ageri dira: kanoigileak, kaxaginak, aparejuginak eta txispaginak. Antolakuntza horrek 300 bat urte iraun zituen, XVI. mendetik XIX. mendera arte. Lamot 1779ko uztailaren 30ean hil zen, 78 urte zituela. 1999an Remiro Larrañaga Soraluzeko historiagileak Lamoten grabatuaren kopia bat oparitu zion Elgoibarko Erreminta Makinaren museoari. Agiri horrek Debarroko industriaren tradizioa egiaztatzen du, eta armagintzaren sorreraren lekuko da. Pedro Ortuondo orain gutxira arte museoko zuzendari izan denak grabatu hori transkribatzeko gogoa zeukan aspalditik, eta museoaren 20. urteurrenaren harira bost hizkuntzatan argitaratu dute liburua. Liburu honekin armagintzaren sorrerari eta armagintzan lan egin dutenei omenaldi moduko bat egin nahi izan diete, mendez mende egin duten ahaleginari esker iritsi delako euskal industria gaur egun dagoen lekura.

Informazio osoagoa BARREN aldizkarian argitaratutako erreportajean: 20 urtez erreminta makinaren historiaren lekuko (BARREN 1107. zenb -PDF-)

2019 02 26 lamoten grabatua makina erreminta museoa elgoibar 1

2019 02 22 makina erreminta museoa elgoibar 20 urte