Mendaroko Landa jatetxeak Repsol Gidako Eguzki bat lortu du

Barren.eus 2019ko ots. 26a, 14:22

Sukaldari eta jatetxe onenak saritzen ditu Repsol Gidak. Michelin gidak nazioartean banatzen dituen izarren parekoak dira sariok Espainian. Estreinakoz Donostian egin dute Repsol Gidaren Eguzkiak banatzeko gala, -atzo iluntzean izan zen-, eta sarituen artean da Mendaroko Landa Erretegia.

Landa erretegiari Repsol Eguzki bat eman dio Repsolen turismo gidak. Sukaldaritzako bikaintasunaren sinbolo dira Eguzkiak eta hiru Eguzki dira ematen duten aitorpenik handiena. Landa jatetxea jan eta edanaren erreferente dela 1982az geoztik nabarmendu du Repsol Gidak. "Parrilan egiteko lehengai apartak eta sasoian sasoiko produktuak erabiltzen dituzte. Axier eta Juan Mari anaiek 36 urte baino gehiagoan eman diete jaten euren bezero fidelei, eta beti fundamentu handiko platerak prestatuz, besteak beste, txirlak plantxan edo txingarretan erretzen duten bisigu bikaina. Horiez gainera, etxean eginiko postre zaporetsuak egiten dituzte", arrazoitu dute Repsolekoek Landak Eguzkia irabazteko eginiko merezimenduez.

 • "Sukaldaritza tradizionalari balioa"

Axier Landa pozez gainezka da jasotako sariarekin. "Sukaldaritza tradizionalari balioa eman diote eta bazen garaia lehengaiaren kalitateari erreparatzeko ere. Dena ez baita laborategiko sukaldaritza", esan du. Sari banaketa ekitaldia giro oso onean joan zela dio. 300 sukaldaritik gora batu ziren Tabakaleran, Repsol Gidako Eguzkiak banatzeko galan, eta sukaldariak bere saltsan ibili zirela azaldu du sukaldari mendaroarrak.
 • 40. urteurrena eta aro berri bat

Repsol Gidak autoan egiteko ibilbide turistikoak jasotzen dituen arren,, gastronomiak pisu handia du gidan. Repsolen turismo gida horrek 40 urte bete ditu aurten, eta, urtemuga ospatzeko eta "norabide berri" bati ekiteko, Euskal Herrira ekarri dute estreinakoz Eguzkien Astea, Repsol gidaren jai gastronomikorik handiena, -orain arte Madrilen egiten zuten urtero-. Aurten banatu dituzten sariei dagokionez, hiru Eguzkirekin bost jatetxe saritu dituzte. 23 jatetxek lortu dituzte bi Eguzki, eta 53 jatetxe saritu dituzte estreinakoz Eguzki batekin. 

Euskal Herriko jatetxeek hainbat Eguzki eskuratu dituzte. Bina eguzkirekin saritu dituzte Getariako Kaia-Kaipe jatetxea eta Bilboko Atelier Etxanobe. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako bederatzi jatetxe Eguzki banarekin saritu dituzte, tartean Mendaroko Landa.

Landak beste errekonozimendu bat ere jaso zuen urte hasieran, tradizio eta produktu onenen Europako ehun jatetxe onenen zerrendan sartu baitzuten Opinated About Dining (OAD) webgune espezializatuak, 51. postuan, hain justu ere.

∞Lotura duten albisteak: