Pilar Herrero: “Marrazteak sekulako poza ematen dit”

Barren.eus 2019ko ots. 22a, 10:33

‘Gizakia koloretan’ erakusketa zabaldu du Pilar Herrero Sokobeherek Elgoibarko Kultur Etxean, Haizea Emakume Taldearen eta Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailaren eskutik. Hilaren 28ra arte ikusgai egongo den erakusketari buruzko xehetasunak eman dizkio Herrerok BARRENi.

Hilaren 28ra arte egongo da Gizakia koloretan erakusketa bisitatzeko aukera, astelehenetik zapatura, 18:30etik 20:30era.

-Nondik datorkizu marrazketarako afizioa? 

Marrazkiak beti gustatu izan zaizkit, baina ume nintzenetik ez nuen arkatz bat hartuko eskuan. Paperezko mantelen ertzetan egin izan dut noizbait karikatura bat edo beste, baina gehiagorik ez. Jubilatu osteko afizioa da hau. Jubilatu nintzenean konturatu nintzen ordu gehiegi neuzkala betetzeko, eta denda batera joan eta marrazteko materiala erosi nuen. Gogoan daukat gezurretan aritu nintzaiola dendariari esanez opari bat egin nahi niola lagun bati. Ez neukan teknikarik, ezer gutxi nekien marrazketaz, eta beldur nintzen galdezka hasiko ote zitzaidan. Ordurako hasia nintzen sakelako telefonoan marrazki batzuk egiten, propio horretarako jaitsitako aplikazio batekin. Margotzen etxean aritzen nintzen eta senarrak animatu ninduen Zarauzko Artezalea marrazketa tailerrean izena ematera. Eta joan nintzen, lotsa-lotsa eginda. Bigarren egunerako etxean egindako zerbait eramateko agindu zidan irakasleak eta eraman nituen nire ustez lanik onenak zirenak eta han etorri zitzaizkidan ikaskide guztiak gainera, nire lanak ikustera. Hura lotsa! Ez nekien non ezkutatu. Orain, oso gustura nabil, eta izugarri ari naiz ikasten.

-Erretratuak dira hona ekarri dituzun denak. Ez du ematen marrazteko errazena izan behar duenik erretratuak.
Ez dakit. Hala esaten dute batzuek, zailena erretratuak marraztea dela, baina hobeto edo okerrago egin, niri hori da gehien gustatzen zaidana. Marrazten ditut beste gauza batzuk ere, baina erretratuak ikaragarri gustatzen zaizkit. Gogoan daukat egin nuen lehenengoa ere. Irakasleak eskatu zidan argazki bat eramateko eskolara, eta senarra eta bioren bat eraman nuen marrazteko. Nondik hasi ere ez nekiela egon nintzen, baina egin nuen nola-halako bat. Zer hobetu asko du, baina ordurako badu bere meritua ere. Poz-pozik gelditu nintzen orduan. Teknika ezberdinak ere probatu ditut, baina akrilikoa erabiltzen dut gehien, nire ezaugarrietarako onena delakoan. Segituan lehortzen da, eta egokia da niretzat, lanak azkar bukatu zalea naizelako. Ez daukat batere pazientziarik.

-Erakusketan, etnia ezberdinetako gizon-emakumeen erretratuak ikus ditzakegu. Kanpora joan zara modelo bila. Zergatik? 
Joan ez naiz inora joan, Internetez hartutako modeloak edo lagunek egindako bidaietatik ekarritako argazkietatik hartutakoak direlako gehienak, baina bai kanpoko etnietakoak dira guztiak. Erakargarriak egin zaizkidalako margotu ditut hauek, koloretsuak direlako eta niri kolorea gustatzen zaidalako. Gu modernoegiak gara; ez dugu horrenbeste apaingarri erabiltzen, ez eta horrenbeste kolore ere. Estrainekoz erakutsiko ditut nire lanak Kultur Etxe batean, non eta Elgoibarren. Hunkituta nago, ohore bat delako niretzat hemen erakustea. Deitu zidatenean okerrekoari deitu ziotela ere pentsatu nuen.

-Gehienak emakumeak dira. Propio aukeratu al dituzu?
Ez, baina egia da gehienetan emakumeak margotzen ditudala. Erakargarriagoak zaizkit, arrazoia ez dakidan arren. Emakume adinekoak gustatzen zaizkit gehien. Gaztetasunarekin lotzen dugu sarri edertasuna, baina hemen nabarmen ikusten da edertasuna ez dela adinarekin galtzen den zerbait. Nork bere edertasuna du.

2019 02 22 pilar herrero gizakia koloretan elgoibar erakusketa 2

2019 02 22 pilar herrero gizakia koloretan erakusketa elgoibar