Renora joandako guztiei eskola ordu bat emateko eskatu ohi diete, eta Air Pyrénéesi buruz hitz egiteko baliatu zuen aukera Etxanizek. Zentroko arduradunari, Xabier Irujori, interesgarri iruditu eta informazio guzti hura liburu batean argitaratzeko aukera eskaini zion historialari elgoibartarrari. Uruguagiko Euskal Herria argitaletxeak argitaratu du.
-Zerk bultzatu zintuen liburu hau idaztera?
Tesia idazten ari nintzela izan nuen Air Pyrénéesen berri. 29ko krisiari buruzko tesia egin dut, eta aztertu dut krisi egoera hartan nola erabili zituzten herri-lanak hemen, langabeziari aurre egiteko eta sektore jakin batzuk aktibatzeko. Bigarren Errepublikaren garaia aztertu nuen lehendabizi eta gero sartu nintzen aztertzera gerra testuingurua. Jakin nahi nuen Euzkadiko Gobernuak zer egin zuen herri-lanekin eta Errepublika garaian sortutako kolokazio bulegoekin, normaltasuna mantentzeko. Eta Lamiakoko eta Sondikako aireportuan egin zituzten herri-lanen gaineko informazioa aztertzen ari nintzela agertu zitzaidan Air Pyrénées-en lehen aipamena: frantziar batek Tomas Bilbao Eusko Jaurlaritzarako Herri Lanen zuzendari orokorrari idatzitako gutuna. Deigarria egin zitzaidan, ordura arte sekula entzun gabea nuelako aire konpainia hura, eta informazio gehiagoren bila ekin nion. Halaxe, hamaika foro eta bazterretan begiratuta Air Pyrénéesen istripu baten berri izan nuen eta Euskadiko Artxibo Historikoan topatu nituen gero dokumentuz betetako lau kaxa, gerra sasoian Jaurlaritzaren dokumentazio guztiarekin batera Frantzian hara-hona ibili zirenak. Lau kaxa horietan dago Air Pyrénées aire konpainiaren gaineko informazio guztia.
-Zertarako sortu zuten Air Pyrénées?
Harreman komertzialak mantendu ahal izateko sortu zuten, gerra testuinguruan. Gerra hasita, Euzkadi blokeatuta eta isolatuta gelditu zen, euskal gobernukoek airez edo itsasoz baino ezin zutelarik harremanik izan Errepublikaren esku zeuden eremuekin eta Frantziarekin [Frantzian zabaldu zituen ordezkaritzak Euzkadiko Gobernuak]. Berehala konturatu ziren lehengaiak eta baliabideak lortzeko eta kanpo-harremanak landu eta finantziazio iturriak eskuratzeko arazoak zituztela, bai eta gobernuko goi-kargudunek Frantziara edo Errepublikako hiriburura, bidaiatzeko ere. Orduan, Manuel de Irujo jeltzaleak eta Errepublikako gobernuan sailik gabeko ministro zenak zerbait egin beharra zegoela ohartarazi zion Euzkadiko Gobernuari. Halaxe, 1936ko urriaren 21ean erabaki zuen Euzkadiko Gobernuak Bilbo-Baiona arteko zerbitzu erregular bat sortzea, geroago Okzitaniako Tolosaraino ere hegan egingo duena. Izan ere, Tolosakoa aireportu garrantzitsua zen, handik aireratzen zirelako Air France konpainiaren hegazkin asko eta handik Europa osora bidaia zitekeelako. Ordurako, Jose Yanguas izeneko pilotu asturiar bat [Gero Air Pyrénées-en pilotu izango zena] kontratatua zuen Euzkadiko Gobernuak armak eta kontrabandoko materiala airez garraiatzeko. Legezkoa ez zen guztia berak garraiatzen zuen, Jaurlaritzak berak propio erosi zion hegazkinean, eta posta, merkantzia arrunta eta bidaiariak Air Pyrénéesen hegazkinen bidez garraiatzen zituzten.
- Elkarrizketa osoa BARREN aldizkarian (1106. zenbakia -PDF)