1942ko abuztuaren 5a, eguaztena, Varsovia. Umezurztegi bat, 200 haur judutarren bizilekua. Janusz Kòrczak mediku eta pedagogoak, hango buru zelarik, haur-errepublika zinezko bat sortu zuen bere laguntzaile min Stefania Wilzynskarekin batera. Haurrekin eskuz esku jardunez, konstituzio bat sortu zuen, bere lege, araudiekin, bai eta bere zigorkodearekin ere.
Vaivén Teatro antzerki taldeak bederatzi aktoreko ekoizpen handia sortu du Varsoviako umezurtegi hartan gertatu zirenak gogora ekartzeko eta modu berezian eraman dute antzezlekuetara, ikuslea istorioaren barruan kokatu baitute, esperientzia gertuagotik bizi dezaten. Umezurtegiko ohe-literetan egongo dira ikusleak, umezurztegiaren azken egunean, eta hartara parte hartuko dute barne-antolamenduan, eguneroko errutinan, hango beldur eta alaitasunetan… Ikus-entzuleak epaiketa baten lekuko izango dira, non jakinarazpen izugarri batek amaiera emango baitie hango ametsei, bizitzari: umezurztegitik alde egin behar dute, eta tren bat hartu, Treblinkako kontzentrazio-esparrura eramango dituen trena.
• Biktima guztientzako omenaldia
"Gure ikuskizuna biktima guztiei egindako omenaldi bat da eta Janusz Korczaki eskeinitako oroipena, haurren bizitza duin egiteko borrokatu zen izaki aparta; baina baita hatz salatzailez ezagutarazteko bidea ere, munduko behartsu gehienak haurrak baitira eta munduko haur gehienak behartsuak", azaldu dute Vaiven antzerki taldeko arduradunek.
Ana Pimentaren jatorrizko ideia batean oinarritutako antzezlana da Ultimo tren a Treblinka. Patxo Telleriak moldatu du testua eta Mireia Gabilondo da zuzendaria. Honako hauek osatzen dute antzezle taldea: Alfonso Torregrosa, Maiken Beitia, Ander Irureta, Mikel Laskurain, Asier Hernández-Kepa Errasti, Nerea Elizalde, Gorka Martin, Jon Casamayor y Tania Fornieles. Antzezlanari buruzko informazio osoagoa: ultimotrenatreblinka.net