Jairo Berbelek eginiko ‘Raid Pandemonium’ eta ‘Grande cuore Ibai’ lanak Elgoibarren emango dituzte martxoan

Barren.eus 2019ko ots. 11a, 15:15

Jairo Berbel elgoibartarrak eginiko izaera solidarioa duten bi lan dira ‘Raid Pandemonium’ eta ‘Grande cuore Ibai’. Bi dokumentalok Eibarren estreinatu zituzten iazko urrian, eta Elgoibarren ere emango dituztela jakinarazi dute orain.

Martxoaren 10ean emango dituzte Elgoibarko Herriko Antzokian (12:30) ‘Raid Pandemonium’ eta ‘Grande cuore Ibai’ ikus-entzunezkoak, Jairo Berbelek eginak biak. Marokon egindako automobil lasterketa solidarioa erakusten du lehenak, Raid Pandemonium-ek. Lasterketan parte hartu ahal izateko 25 urte baino gehiago izan behar zuten autoek eta 60 zaldi baino gutxiago. Jairo Berbelek Fernando eta Antxon Garcíaren parte-hartzea jaso zuen irudietan. Bigarren dokumentalak, Allan-Herndon-Dudley izeneko gaixotasun arraroa duen Ibai ume eibartarraren amets eta ilusioak islatzen ditu. 

 • Pacientes sin clinica rap taldearen emanaldia
Bi dokumentalen emanaldiarekin batera, Pacientes sin clinica izeneko taldeak emanaldia emango du Herriko Antzokian. Sara Nievasek eta Fasamak Granadan sortu zuten 2016an rap musika egiten duen taldea. Bi dokumentalak eta musika emanaldia ikusteko sarrerak 2 euroan jarri dituzte salgai eta diru hori diagnostikatu gabeko gaixotasunak dituzten Eibarko umeen elkarteari (AFESD) emango diotela jakinarazi dute antolatzaileek. Gizarte segurantzak hartzen ez dituen tratamenduak behar dituzte diagnostikatu gabeko gaixotasunak dituzten haurrek: fisioterapia, hidroterapia, logopedia, naturopatia…, eta 2016an sortu zuten Eibarko elkarteko gurasoen helburua gastu horiei aurre egiteko dirua lortzea da.

Jarraian Jairo Berbelek eginiko bi lanen aurrerapen bideoak ikus ditzakezue: