Haur eta nerabeentzako 'Elgoibarko II. Idazlan lehiaketa' abian da

Barren.eus 2019ko ots. 5a, 10:56

Euskaraz idazteko trebetasuna sustatzeko helburuarekin jarri dute abian 'Elgoibarko II. Idazlan lehiaketa'. Elgoibarko ikastetxeetan ikasten dabiltzan 8-18 urte bitarteko ikasleentzat edota, Elgoibarren erroldatuta egonik, beste nonbait irakaskuntza ertainetan ikasten dabiltzan adin berekoentzako lehiaketa da.

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, Elgoibarko II. Idazlan lehiaketan parte hartu nahi dutenek ikastetxean edo Udalaren Kultura sailean (Kultur Etxean) aurkeztu beharko dituzte idazlanak martxoaren 15a baino lehen. Elgoibartik kanpoko Ikastetxeetan ikasten ari diren ikasleek, berriz, zuzenean entregatu beharko dituzte lanak Udalaren Kultura Sailean (Kultur Etxean) goizeko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara. 

Gaia librea izango da baina euskaraz idatzitakoa, jatorrizkoa, aurrez saritu gabea eta argitaratu gabea izan beharko da. Lanak A4 neurrian, orriaren alde batetik idatzita eta ordenagailuz aurkeztu beharko dira, LH3 eta LH4 mailetan salbu, hauen kasuan idazlanak eskuz idatzita bakarrik onartuko dira.
Udalak 50 euro eta 120 euro bitarteko 26 bono banatuko ditu saritzat, herriko dendetan gastatzeko. (Informazio osoagoa eta oinarriak -PDF-)
Ondorengo taldeetan sailkatuko dira parte-hartzaileak:

  • A taldea: LHko 3. eta 4. mailakoak
  • B taldea: LHko 5. eta 6. mailakoak
  • D taldea: DBHko 1. eta 2. mailakoak
  • E taldea: DBHko 3. eta 4. mailakoak
  • F taldea: Batxilergoa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa

∞Lotura duten albisteak: