Piriniotako burdinaren bideari buruzko erakusketa ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte eguenean

Barren.eus 2019ko urt. 29a, 16:35

Erreminta Makinaren Museoak Piriniotako burdina eta siderurgiari buruzko erakusketa ibiltaria antolatu du, eta astelehenetik ikusgai dago. Bi bisita gidatu antolatu dituzte urtarrilaren 31rako, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz.

Otsailaren 10era arte egongo da erakusketa Elgoibarren, Makina Erremintaren Museoan, eta Andorrako Printzerria, Katalunia, Languedoc-Rosellon eta Akitaniako lurrak zeharkatuko ditu gero, inguru horietako industria eremu aipagarrienak erakusteko. Meategiak, txondorrak, burdinolak, langileen habitatak, burdinez egindako elementu arkitektonikoak edota eskultura garaikideak ezagutzeko aukera izango da. 

Elgoibarren, 8:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 17:30era bisitatu ahal izango da erakusketa. Horrez gain, bi bisita gidatu antolatu dituzte urtarrilaren 31rako, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Euskarazkoa goizez izango da, 10:30ean eta bestea, arratsaldez, 16:00etan. Ordubetekoak izango dira bi saioak, doan, eta gehienez 20 lagunentzako lekua egongo da. Arduradunek aurrez izena emateko eskatu dute 943 748 456 telefonora deituta edo museoa@museoa.eus helbide elektronikora idatzita.
Bestalde, otsailaren 27rako ekitaldi berezia antolatu dute Makina Erremintaren Museoko arduradunek. 20 urte bete ditu museoak, eta ospakizun ekitaldia egingo dute IMHn.