'Patria' telesailean parte hartzeko kastinga egingo dute Elgoibarren

Barren.eus 2019ko urt. 28a, 20:52

HBO kateak telesail bihurtuko du Fernando Aranbururen Patria eleberria. Laster hasiko dituzte grabazio lanak eta telesailean figurante lanetan aritzeko jende bila dabiltza. Bi kasting egingo dituzte Elgoibarren aste honetan.

Eguaztenean (urtarrilak 30) eta barixakuan (otsailak 1) egingo dute kastinga, Elgoibarko Kultur Etxean, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Figuranteak izateko proba egin nahi dutenek honako webgunean eman beharko dute izena: www.yaelmorenocasting.com

Gizonezkoak zein emakumezkoak behar dituzte eta 16 urtetik gora izatea da jarri duten baldintza bakarra. Kastingera nortasun agiriaren fotokopia (bi aldeetakoa) eramatea eskatu dute eta baita kontu zenbaki bat ere.
Fernando Aranburuk (Donostia, 1959) Euskal Herriko gatazka armatuaren inguruan idatzitako eleberria da Patria. Donostiatik gertu dagoen herri batean bizi diren bi familien historioa kontatzen du. Jazarpenak eta hilketak etsaitutako bi familien istorioak, ETAren bortizkeria atzean duela. 300.000 ale baino gehiago saldu dituen Best-seller honek Espainiako Narratibaren Sari Nazionala irabazi zuen 2017an, beste hainbat sariren artean. Orain, eleberrian oinarritutako telesaila egingo du HBO EspaƱak. Zortzi kapituluko telesaila izango dela aurreratu dute, 2019an grabatu eta 2020tik aurrera emitituko dutena. Aitor Gabilondo donostiarrak idatziko du gidoia, eta berak ekoitziko du lana. Pertsonaia nagusietarako aukeratu dituzten bi aktoreren izenak jakinarazi dituzte momentuz: Elena Irureta eta Ane Gabarain.
Plaentxia.eus-en aurreratu dutenez, Patria telesailaren zati bat Soraluzen grabatuko dute.