Elgoibarko eta Mendaroko santa eskeetan parte hartzeko deia

Barren.eus 2019ko urt. 24a, 13:33

Etxegiña taldeko kideak otsailaren 2an irtengo dira santa eskean Elgoibarren kalez kale. Horretarako bi entsegu egingo dituzte datorren astean. Era berean, Mendaron ere egun berean irtengo dira eta antolatzaileek herritarrei egin diete koruetan parte hartzeko deia.

Etxegiña taldekoek urtarrilaren 29an eta 31n, martitzenean eta eguenean, egingo dituzte santa eskerako entseguak, 20:00etan, Kultur Etxeko sotoan. Parte hartu nahi dutenek bertara agertu beharko dute. Aurten, bestalde, berrikuntzak izango ditu Etxegiñakoen santa eskeak, izan ere, Ikastolako ikasleek prestatutako 18 kopla abestuko dituzte, eta Ikastolako ikasleek eurek ere hartuko dute parte kalejiran. Arduradunek esan dute aurrerantzean Herri Eskolarekin ere hasi nahi dutela elkarlanean.

 • Mendaroko santa eskean parte hartzeko deia
Otsailaren 2an irtengo dira santa eskean Mendaron, eta antolatzaileek herritarrei egin diete koruetan parte hartzeko deia. 8:30ean elkartuko dira udaletxe azpian, eta hiru taldetan banatuta koplatuko dituzte Mendaroko kale eta baserriak. Amaia Agirre eta Asier Lazarobaster Agarre izango dira Sahatzumendiko koplariak, Aitzol Urain eta Beñat Ugartetxea Garagartzakoak eta Beñat Lizaso eta Iñigo Zubiaurre Beitxi Mendarozabalekoak. Batzen duten dirua Ameikutz Musika Eskolarentzat eta Sendi Anaitasunarentzat izango da.

2019 01 24 santa eskea Mendaro 2018 barren