Dolmenen ibilbideari buruzko hitzaldia antolatu dute urtarrilaren 25erako

Barren.eus 2019ko urt. 17a, 10:05

Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa zein pasaia-balioa ezagutaraztea eta joan den udazkenean bertan egin ziren lanen berri ematea du helburu “Dolmenen Ibilbidea: historiaurrean zehar ibilaldia” hitzaldiak.

Elgoibarko Udalak eta Debegesak antolatu dute Karakate eta Irukurutzeta bitartean dagoen Dolmenen Ibilbideari buruzko hitzaldia. Elgoibarko Kultur Etxean izango da, urtarrilaren 25ean, 18:00etan. Bi ordu inguruko iraupena izango du, eta irekia izango da. Aranzadi Zientzia Elkarteko Jesus Tapia arkeologoa, EHUko Fernando Bazeta zaharberritzailea eta Ibon Telleria arkitektoa eta UNEDeko Mikel Agirre arkeologoa izango dira hizlariak. Alde batetik, dolmenen ibilbidea zer den eta horrek daukan garrantzia azalduko dute. Bestetik, pasa den udazkenean egindako lanen berri ere emango dute. Amaieran, mahai-inguru txiki bat ere egingo dute. 

•Balio kultural eta arkeologiko handia duen ibilbidea
Dolmenen Ibilbideak balio kultural eta arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.

2012. urteaz geroztik, Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalak Dolmenen Ibilbidea berreskuratzeko eta balioan jartzeko proiektua ari dira sustatzen, Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean.

Azken hilabeteetan egindako lanen artean nabarmentzekoak dira Kerexetaegia Hegokoa trikuharriaren berreraikitzea eta Irukurutzetako trikuharrian hasitako indusketa lanak.

∞Lotura duten albisteak:

2019 01 16 2018 12 11 trikuarria irukurutzeta 2