Natalia Melladok musika eta umorea batzen dituen ikuskizuna eskainiko du barixakuan Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2019ko urt. 9a, 08:24

Natalia Mellado musikari elgoibartarrak Mi cante sabe a canela y limon izena jarri dio ikuskizun berriari, eta nolabait esateko, musika eta osasuntsu bizitzeko elikadura aholkuak uztartuko ditu. Urtarrilaren 11n eskainiko du kontzertua Elgoibarren.

Natalia Melladok aurreratu duenez, musika eta umorea batzen ditu bere azken ikuskizunak, Mi cante sabe a canela y limon izenekoak. Musikari elgoibartarrak herritarren aurrean eskainiko duen kontzertua 20:30ean hasiko da, barixakuan, Herriko Antzokian.

Musika izango da nagusi, baina betiko musika saioaren barruan, osasun aholkuak tartekatuko dituela azaldu du Melladok. "Adibidez, ardoari buruzko poema bat entzungo da, eta segidan, ardoa protagonista duen abesti bat. Egia esateko, ez da esplikatzeko erraza. Ikuskizun berezia da, dinamikoa, alaia, umoretsua eta jendeak oso ondo pasatuko du. Hartu-emana sortuko dugu publikoarekin, eta nahi duten ikusleek saioan bertan parte hartzeko aukera izango dute. Oso gertukoa da. Barre egingo dute, eta hunkitu ere egingo dira une batzuetan. Musika, poesia, osasuna eta umorea uztartuko ditugu. Ikuskizuna ulertzeko ikusi egin behar da".
Duela 18 urte joan zen Natalia Mellado Elgoibartik, baina harrezgero etorri izan da bere ikuskizunak eskaintzera, azkena 2015ean izan zen, Manolo Escobarren ikuskizunarekin.

•Herriko Antzokiko kultur eskaintza
Elgoibarko Udlak jakinarazi duenez, hogei ekitaldi baino gehiago eskainiko dituzte datozen hilabeteetan Herriko Antzokian, elgoibartarren aisialdia sustatzeko helburuarekin. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, “El Caserío” zarzuela, “Último tren a Treblinka” eta “Erlauntza” antzerkiak, “Drag-E Uraren bila” umeentzako antzerkia. Goazen! Berria antzerkira ikuskizunaren bi sesio ere emango dituzte urtarrilaren 20rako. Sarrerak salgai daude.

Lotura duten albisteak: