Eguraldiak lagunduta jende asko ibili da gaur goizean Elgoibarko kaleetan. Elgoibarko Izarraren aldeko Tonbolan boleto guztiak saldu dituzte eta 1.500 erregalutik gora banatu. 13:00ak inguruan bukatu dira boleto guztiak. Sarituak izan ez diren txartelekin Etxer-Tar enpresak emandako telebista handi baten zozketa egin dute 14:15ean, eta Amaia Epeldek kutxan sartutako txarteltxoa atera dutenez, berak eraman du etxera telebista.
Elgoibarko eta inguruetako establezimendu, enpresa eta norbanakoek emandako opariak dira zozketatu direnak, eta lerro hauen bidez, Elgoibarko Izarrak eskerrak eman nahi dizkie opariak eman dituzten guztiei eta baita gaur tonbolara eta txosnara gerturatu diren lagun guztiei ere. Tonbolan batutako dirua Elgoibar euskaldunago egiten jarraitzeko erabiliko du Elgoibarko Izarrak. Tonbolaz gain txosna ere jarri dute plazan, talo-postua eta guztikoa. Elgoibarko Udal Musika Bandak ere lagundu du jau eguna borobiltzen. Lehenik ekitaldia eskaini dute San Lazaro egoitzan eta herriko kaleak kalejiran zeharkatu ostean Gabon kantak jo dituzte-eta Kalegoen plazan.
Erdiguneko kaleak kantuan zeharkatu ostean, Olentzerok eta Mari Domingik San Bartolome parrokiako arkupean jasoko dituzte umeen gutunak. Mendaron, berriz, arratsaldez egin diete bisita Olentzerok eta Mari Domingik ume mendaroarrei eta udaletxetik agurtu dituzte herritar guztiak amaieran.