'Ghero, azken euskalduna' antzezlana taularatuko du Tartean Teatroak Herriko Antzokian

Barren.eus 2018ko abe. 19a, 20:38

Tartean Teatroak eta Euskaltzaindiak elkarlanean sortutako obra da Ghero, azken euskalduna, akademiaren mendeurrenaren harira. Protagonista nagusia euskara da, eta nolabait esateko, euskararen iraupenari omenaldia egiten zaio obran. Barixakuan (abenduak 21) Elgoibarren eskainiko dute.

Euskarari ez ezik, hizkuntza guztiei egin nahi diete gorazarre, hizkuntza anistasunari, eta horretarako dozena bat hizkuntza desberdin erabiliko dituzte obra honetan. Ghero, azken euskalduna antzezlan emozionantea, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta dela diote egileek. 

Kutsu futurista duen antzezlanak 3000 urtera garamatza eta azken euskaldunaren istorioa kontatzen du. Guzti hau behar bezala girotzeko Iñaki Salvador pianojole ezagunak lan honetarako espreski sortutako musika konposatu du eta eszenografia Ana Garayk egin du.
Patxo Telleriak idatzi du dramaturgia eta Jokin Oregik zuzendu du; eta, oholtza gainean bost aktore (Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri, Mikel Martinez eta Patxo Telleria), Tartean Teatroak formato handira egiten duen jauzian.
Koldo Mitxelena idazleak esaten ohi zuen Euskararen misterioa ez zela bere jatorria, bere iraupena baizik. Antzezlan honek mito horren gainean dihardu, euskaldunok gure gain dugun Euskararen iraupenaren zamaz. Eta, Patxo Telleriak idazten dituen gidoi gehienetan bezala, patu horri umorearen bidez heltzen diogu. Bederatzi parabola edota antzerki poema euskararen planetaren inguruan orbitatzen.
Elgoibarko Herriko Antzokian eskainiko duten emanaldia 20:30ean hasiko da.

2018 12 19 320Guillermo Casas Tartean2018 ghero V1