Ane Beitia Elgoibarko Alkateak, Andrea Arriola Elgoibarko Udaleko Kultura Zinegotziak, Blanca Salegi Kultura teknikariak, Joseba Arrizabalaga landa arloko zinegotziak eta Kalamua Elkarteko hiru ordezkarik aurkeztu zuten martitzenean feriako egitaraua.
Aurten 128 salmenta postu jarriko dituzte, eta urtero bezala, denetariko produktuak dastatu eta erosteko aukera izango da postu horietan, 8:30etik airrera. Fruta eta barazki sariketa-erakusketari dagokionez, epaimahaikideek 9:00ak aldera bisitatuko dute erakusketa, eta erabakia jaso ondoren, salmenta hasiko da. Sariak emateko orduan, honako baldintza hauek hartuko dira kontuan: salgaien kalitatea, mota ezberdinetako salgaiak erakutsi eta saltzea, eta mota bakoitzeko aldaera edo barietate desberdinak. Halaber, 400 euroko sari bat emango zaio mendiak hobekien zaintzen dituen baserriko jabeari. Gabon Zahar feriako ekimenik esanguratsuenetarikoa den Urteko Gazta Txapelduna gazta lehiaketa ere egingo dute. Aurtengoan bederatzi gaztagilek hartuko dute parte. Iazko ferian La Leze, Txillarre eta Sagarmiña izan ziren lehiaketetako irabazleak.
• Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistaren postua
Nekazal postuen artean, bestalde, egongo da postu berezi bat aurten: Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistaren postua. Besteak beste, Landareak Lantzen agenda eta ilargien egutegia salduko ditu, eta horrez gain, nekazaritza kontueri buruzko zalantzak edo galderak egiteko aukera izango dute herritarrek.
Feria eguna girotzeko, Baltzola Anaiak trikitilariak ibiliko dira kaleetan. Kale Kantariek ere euskal abesti herrikoiak abestuko dituzte, eta Kalegoen Plazan, I. Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatutako erromeria izango da. Halaber, 11:00etatik 14:30etara falkoneria erakustaldia egingo dute Kalebarren plazan.
• ArTaldeko artisauak Maalan
Bolatokiko parkera, Lekueder eta Kalebarren plazara hurbiltzen direnek, hainbat abereren erakusketaz, produktuen salmentaz eta labeldun saiheski pintxoez gozatu ahal izango dute. Pedro Migel Urruzunon, bestalde, burdineria eta nekazaritza-makineria erakusketa egingo da, Era berean, ArTaldeko kideek artisau lanen postuak jarriko dituzte Maalako parkean, eta 11:00etatik 14:30etara falkoneria erakustaldia egingo dute Kalebarren plazan. Gauean, berriz, idi gazteen arteko dema egingo dute, Sigmako probalekuan, Sigma Probaleku Herri Kirol Elkartearen eskutik. Hiru idi pare lehiatuko dira 22:00etatik aurrera. Sutegixa Gaztetxean, berriz, Fan&Go taldearekin erromeria izango da 23:30etik aurrera.